EAEko hezkuntzan grebara joko dute irailaren 15ean

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2020ko ira. 3a, 09:55

ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba. / ELA

Sindikatu guztiek egingo dute deialdia elkarrekin, eta hezkuntza osoari eragingo dio: sare publikoari eta itunpekoari. Salatu dute eskasak direla Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta ez dituela langileak aintzat hartu.

Ikasturtea hasi eta astebetera, irailaren 15ean, grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. BERRIAk baieztatu duenez, elkarrekin grebara deitzekoak dira ordezkaritza duten bost sindikatuak: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT. Goizean agerraldi bat egitekoa dute, eta orduan emango dituzte xehetasunak. Baina ziurra da greba deialdia jarriko dutela mahai gainean, eta hezkuntza osoari eragingo diola: sare publikoari eta itunpekoari.

Azken asteetan ezinegon handia agertu dute sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren neurriekin. Batetik, salatu dute langileak kontuan hartu gabe aritu dela ikasturte hasiera prestatzen; besteak beste, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak ez duela bilerarik egin sindikatuekin. Bestetik, hartutako neurriak ere ahultzat jo dituzte. Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen mila irakasle gehiago hartuko dituela ratio handienak dituzten eskoletarako, gela bakoitzeko ikasle kopurua jaisteko, baina sindikatuek aho batez salatu zuten neurri hori ez zela nahikoa, baliabide gehiago beharko dituztela.

Horiek dira, hortaz, grebara jotzeko motiboak: batetik, baliabide gehiago eskatzea, eta, bestetik, eskolarako itzulera langileekin ere adostea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak datorren astelehenean dira ikasturteari ekitekoak; irakasleak jadanik lanean ari dira, hala ere. Hezkuntza Sailak, nolanahi ere, atzeratu egin du maila batzuetako ikasleen hasiera: DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak irailaren 15ean hasiko lirateke, baita Batxilergokoak ere —hain justu, egun horretarako antolatu dute greba—; Lanbide Heziketako ikasleen itzulera mailakatuagoa izango da, iraileko bigarren hamabostaldian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide