Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2020ko urr. 26a, 19:27

Etxeratze agindua ezarri dute Hego Euskal Herrian 23:00etatik 6:00etara. Bihar sartuko dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurria. Nafarroako Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez direnak etxeetan elkartzea.

Neurri gogorrak hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Garrantzitsuena mugikortasunari lotutakoa izango da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ezingo dute euren herritik atera. Hainbat salbuespen ezarri dituzte, besteak beste, osasun arta jasotzera, lanera, hezkuntza jasotzeko eta adinekoak edo adingabeak zaintzeko mugitzeko aukera egongo da. "Ohiko igarobideko" udalerri mugakideetara ere joan ahal izango dute, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta lurralde horietara sartzea ere debekatuta egongo da, orain arte Nafarroarekin gertatzen zen bezala.

Eremu publikoan eta pribatuan elkartzeko aukera ere murriztu du Eusko Jaurlaritzak: gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, eta elkarrekin bizi diren pertsonak izango dira salbuespena. Dekretua gaur bertan argitaratzea espero dute, eta horrela bada, bihar 6:00etan jarriko dute indarrean. Hamabost egunean egongo da indarrean. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du neurrien berri, eta Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera "arduratzeko modukoa" dela nabarmendu du.

Etxeratze agindua izango da beste aldaketa nagusietako bat: Hego Euskal Herrirako herritarrek ezingo dute kalean ibili 23:00etatik 6:00etara. Salbuespen batzuk ezarri dituzte: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. 00:00etatik 6:00etara ez da garraio publikorik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako Gobernuak ere dagoeneko zehaztu ditu herritarrek izango dituzten mugak. Besteak beste, debekatu egin dute batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea. Soilik bakarrik bizi direnek eta mendekotasunen bat dutenek izango dute horretarako aukera. Eremu publikoan, berriz, gehienez sei lagun bildu ahal izango dira.

Kasuen gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak hainbat neurri hartu dituzte azken egunotan. Aurreko asteko asteazken gauerditik Nafarroako sarrera-irteerak itxita daude, eta lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik soilik sartu edo atera daiteke lurraldetik. Gainera, tabernak eta jatetxeak ere itxi egin zituzten. Eusko Jaurlaritzak, berriz, neurri arinagoak hartu ditu orain arte. Pasa den ostiraletik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, intzidentzia altuena duten herrietako tabernak eta jatetxeak 21:00etarako itxi behar dituzte, eta gomendatu dute herri horietara ez sartzeko eta bertatik ez ateratzeko.

Espainiako Gobernuak ere hartu ditu Hego Euskal Herriko herritarrei zuzenean eragiten dieten neurriak. Atzo alarma egoera onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta horrekin batera, baita mugikortasuna mugatu ere, 23:00etatik 6:00etara etxeratze agindua ezarriz. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erkidego bakoitzaren esku utzi zuen etxeratzeko ordua ordubete aurreratzea edo atzeratzea. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide