Muga ipini diote eskubideari

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza 2021ko urt. 26a, 07:00

Dehesa del Agua mendia, Gorobel mendilerroan. Villalba de Losa herrian, Burgos, Espainia. / Meridandes de Burgos

Urduñako eta Villalba de Losako abeltzainek elkarrekin erabili izan dituzte Gorobel mendilerroan Burgosko aldean dauden lurrak. 1950eko hamarkadatik, burgostarrek mendeetako erabilera eskubidea kendu diete bizkaitarrei. Europara joko dute, Espainiako auzitegiek ere ukatu dieten eskubidearen eske.

Bizkaia, Araba eta Burgos (Gaztela eta Leon, Espainia) arteko mugan dago Gorobel mendilerroa, eta, neurri batean, muga hori desegin egiten du. Hiru herrialdeentzat batasunerako leku izan da historikoki: herrialde bateko eta besteko herritarrek erabili izan dituzte hango herri lurrak, mugaren alde batekoek eta bestekoek izan dutelako horiek erabiltzeko eskubidea. Baina joan den mendearen erdialdetik, mendilerroak zatiketa eta haserrea eragin ditu: Urduña eta Burgosko Villalva de Losa herria gatazkan daude, Gorobelgo 2.000 hektarearen erabilera eskubideagatik. Villalva de Losan daude, baina, gutxienez, IX. mendetik dute urduñarrek erabilera partekatua burgostarrekin: 1959ra arte erabili dituzte, Villalba de Losako abeltzainek handik bota zituzten arte. Epaitegietan ibili dira 1980ko hamarkadatik, eta, Espainiakoetan babesik lortu ez dutenez, Europakoetara jotzea aztertzen ari dira Urduñako Udala eta udalerriko abeltzainak batzen dituen Bedarbide elkartea.

Udalerria Urduñako hiriak eta Ruzabalko Batzak —Belandia, Mendeika, Lendoñogoiti eta Lendoñobeiti herriak— osatzen dute, eta guztiak dira eskubide horren jabe. «Urduña hiriko eta Ruzabal Batzako artxiboetan ez ezik, Valladolideko Kantzelaritzakoan, Alcala de Henaresekoan, Gaztela eta Leongoan eta Burgoskoan [Espainia] ere badaude eskubide historiko hori frogatzen duten agiriak. Guztiek esaten dute inguruko biztanleek gatazkan dagoen eremu hori aprobetxatzeko eskubidea dutela», adierazi du Urduñako Obra eta Zerbitzu zinegotzi Juanjo Sanzek.

Hori baieztatzeko erabili duten azken agiria 1943koa da. Baina urte gutxiren buruan iritsi zen gatazka: 1959ko ekainaren 8an, Urduñako gazte batzuek Villalba de Losako beste batzuekin borrokatu ziren, burgostarrek bizkaitarren ganadua hartu eta Villalba de Losara eroan zutelako. Harrezkero, ezin izan dute lursail horietan bazkatu. «Saiatzen ziren bakoitzean, Villalba de Losakoek ganadua kentzen ziguten urduñarroi, eta gero, ordaindu egin behar izaten zuten berreskuratzeko», azaldu du Mikel Kormenzanak, Bedarbide elkarteko kide den abeltzainak. «[Francisco] Francoren diktadura garaia zen, eta orduko Urduñako Udalak ez zuen ezer egin. 1980ko hamarkadan hasi zen Urduñako Udala herriarenak diren eskubideak eskatzen». Lehenengo saioetan, udalak bakarrik jo zuen epaitegietara. Baina herri lurrak direnez, herriarena da eskubidea, ez udalarena. Horregatik, gerora, Bedarbide elkartearekin batera jo dute auzitara.

Bide luzea epaitegietan

2015ean iritsi zen Burgosko Lehen Instantziako 2. Auzitegiaren epaia: eskubidea ukatu zieten, «Urduña hiriak eta Ruzabal Batzak ez dutelako silvoartzaintza [basoa eta artzaintza uztartzen dituen sistema] jarduerarik egin, erabilera egiteari utzi zatzaion egunetik hogei urtez jarraian, nahiz eta antzinako denboretako eskubidea duten». «Ez da sinestekoa: nola erabiliko genuen eskubide hori Villalba de Losakoek galarazten baziguten? Ez genion nahita utzi eskubide hori erabiltzeari; bortxaz eragotzi digute hamarkada hauetan guztietan», esan du Kormenzanak. «Historialariek egindako txostena aurkeztu genuen, artxibo guztietako agiriekin osatuta, baina ez zuten irakurri ere egin. Epaiak erabat politikoak izan dira», salatu du Sanzek. Burgosko Auzitegi Probintzialak berretsi egin zuen Burgosko epailearen erabakia, 2018ko maiatzean. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea ipini zuten urduñarrek, baina ez diete onartu.

Villalva de Losako Udalak, berriz, 1901eko agiri bat erabili du epaiketan: Burgosko Erabilera Publikoko Mendien Katalogoa. Hartan, ez da dokumentu historikoek aipatzen duten Gorobel mendilerroaz berba egiten. Haren ordez, Anzalon, Los Valles eta Dehesa del Agua mendiak aipatzen dira. Agiriak dio lehena Villalba eta Muritarena dela; bigarrena, Villalbarena, eta hirugarrena, Villalba eta «beste batzuena». 1943an, «beste» horiek Mijara Murita, Zaballa eta Urduñako udalerria zirela zehaztu nahi izan zuten, baina Villalba de Losak uko egin zion horri 1959tik aurrera. Are gehiago, 1998an Burgosko Diputazioak osatutako katalogoan hiru mendiak Villalba de Losarenak zirela zehaztu zen.

«Ez da bakarrik abeltzainoi lursail haiek ez erabiltzeak eragiten digun kaltea. Herriari kendu dioten eskubide bat defendatzen ari gara», esan du Kormenzanak. Epaiketan ohartarazi zuten sei milioi euroren galerak eragin dituela bazkatzeko eskubidea ukatu izanak. «Egungo abeltzainok herriko lurretan bazkatzen ditugu gure abereak betidanik, baina garai hartakoentzat sekulako kolpea izan zen. Abere asko kendu ziren, eta abeltzain askok utzi zuten ogibidea». Kormenzanak emandako datuen arabera, ehun abeltzainetik gora eta mila burutik gora buru daude udalerrian. Sanzen esanetan, abeltzainak ez dira kaltetu bakarrak: Urduña hiriko eta Ruzabal Batzako herritarrek lursail haietatik hartzen zituzten zura eta ura.

Kormenzanak ez du uste gatazkaren oinarrian Villalba de Losako abeltzainak daudenik. «Egoerak onura eragiten die, baina ez dut uste haiek sustatutakoa denik. Gehiago da gatazka politiko bat». Esan du epaiketan abeltzainak aholkatzen eta laguntzen Burgosko Basogintza Batzordea ibili dela. «Eurek kudeatu nahi dituzte lursailak, gu han egon barik». Sanzek ere gogoratu du 1950eko hamarkadan lursailetan arbolak landatzeko erabaki baten ondoren etorri sortu zela gatazka. «Bizkaian, berriz, bakarrik gaude: hasieran Bizkaiko Foru Aldundiaren babes juridikoa izan genuen, baina gero, antza, nekatu egin ziren. Esango nuke traba egiten dien gatazka bat dela eurentzat». Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Babesteko Sailari auziaren inguruan galdetu dio Bizkaiko Hitza-k, baina ez du erantzunik jaso.

Artikulu hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentziarekin ekarri dugu hona. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide