Osasun larrialdia indargabetu du Labi batzordeak

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2021ko urr. 5a, 17:27

Iñigo Urkulluren iraganeko agerraldia./ Aiaraldea.eus

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diren neurri murriztaile gehienak bertan behera geratuko dira ostegunetik aurrera. Nafarroan joan zen astean ezabatu zituzten.

Koronabirusaren izurriari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak erabakitako larrialdia amaitu da. Hala erabaki du gaur Labi aholku batzordeak. Nafarroan joan zen astean bezala, salbuespen neurriak bertan behera geratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Labiren bileraren ostean mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen.

«Ostegunetik aurrera, osasun zaintza fase berria hasiko dugu», esan du Urkulluk, Labi larrialdia amaitzearekin bat datorrela gaineratuta. Adituek atzo zabalduriko txostenaren ondorioak irakurri ditu Urkulluk. Noizbehinkako agerraldiak sortu arte, kutsadura prozesua egonkortu dela adierazi dute adituek. Zalantzarik gabe egoerak onera egin duela azaldu du Urkulluk, baina ohartarazi du horrek ez duela arazoa amaitu. Aholkuari jarriki, «Indarrean zeuden neurri mugatzaileak, indarrik gabe utziko ditugu».

Espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiagoko ahalmena dituzten lekuetan %80ko edukiera mantenduko dela esan du du Urkulluk. Maskara nahitaezkoa izaten jarraituko du barnealdeetan, eta, kanpoan, ezin denean tartea gorde. Orain arte bezala, beraz, horri dagokionez. Egoera aldatzea ekarri duen tresna nagusia txertoa izan dela nabarmendu du Urkulluk.

Labiren bileraren ostean mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen.

Eskerrak eman dizkio Urkulluk euskal gizarteari, izaniko portaerarengatik. Horretan nabarmendu du txertaketa datuak. Lehendakariak zerrendatu ditu Jaurlaritzak harturiko neurriak, eta adierazi du inguruko eskualdeetan baino neurri murriztagarri gutxiago hartu dituztela. «Hau lorpen kolektiboa izan da». Zerrendatu egin du laguntzen nabarmendu diren erakundeak.

Larrialdi egoerarik gabe, desegingo da pandemiak eztanda egin zuenetik lanean izan den batzordea. Urkulluk ez du gehiago deituko, alegia, eta, beraz, gaur izan da azken aldia. «Orain Labi bere berezko gunera itzuliko da, Segurtasun Sailera». Labin parte hartu duten ordezkariak Urkulluren agerraldian egon dira.

Iñigo Urkulluk joan den astean adierazi zuenez, Jaurlaritzak argi du zein den larrialdi egoera indargabetzeko baldintza nagusia: «Bilakaera epidemiologikoa positiboa izatea». Hala zehaztu zuen lehendakariak ostiralean. Hain zuzen, izurritearen eboluzioak esperotako bidea hartu duela azaldu du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Adierazi duenez, jadanik gaindituak dira «pandemiaren une zailenak», eta, beraz, erdietsiak dira «helburu nagusiak»: bai birusaren hedapena oztopatzea, bai osasun sistemako presioa arintzea. Zupiriak ez du aurreratu Labik zer ebatziko duen. Hala eta guztiz ere, iradoki du beste garai bat hasteko ordua dela: «normaltasun berri bat» hasteko garaia dela aipatu du.

«Ongi etorria izan dadila»

Labik zer ebatziko esperoan ziren legebiltzarreko talde politikoak ere. Besteak beste, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek azaldu du erabakia komunitate zientifikoak hartu beharrekoa dela. «Uste badute eta babesten badute neurriak bertan behera uztea edo arauak partzialki arintzea egokia dela, ongi etorria izan dadila erabakia». Nabarmendu du epidemiologoena eta osasun adituena dela hitza: «haiek zehaztu behar dute arriskutik kanpo garen, eta, beraz, lasaiago ibil gaitezkeen edo ez»

Artikuluaren egileak: Uxue Rey Gorraiz - Edu Lartzanguren

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide