ANALISIA

"Borrokak merezi du"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro Eizmendi 2021ko urr. 12a, 07:00

236 egun iraun du Tubacexeko grebak. / Aiaraldea.eus

236 izan zen Tubacexeko Arabako plantetako langileek piketeko kontagailuan eskegi zuten azken zenbakia. Greba egunen berri ematen zuen salataria zen, borroka luzearen lekuko zuzena. Azkena izan zen, langileak asteartean itzuli zirelako lanera. Suzien eta Aiaraldeko herritarren besarkada artean sartu ziren lantegira, garaipen giroan; gaur egun, tamalez, altzairutegi batean zortzi ordu pasatu ahal izatea ospatu beharreko zerbait delako. Baina garaipen giroan itzuli baziren, batez ere Tubacexeko gatazka langileek irabazi dutelako da. Enpresak egin nahi zituen beharturiko 129 kaleratzeak adosturiko 50 inguru kontratu etete bilakatu dira (erretiro aurreratuak, ordaindutako kaleratzeak, baimenak...). Garaipenak, baina, zapore gazi-gozoa ere utzi du, langileek kalte larriena eragotzi dutelako, baina baldintzak kaskartzea onartu dute hurrengo hiru urteetarako: 40 ordu gehiago egingo dituzte lan urtean, eta soldata izoztuko diete. Akordioa sinatu zuten sindikatuek neurrien behin-behinekotasuna nabarmendu dute. Alegia, langileek irabazi dute, baina, futbol alderaketa bat eginez gero, ez da 4-0eko garaipena izan, enpresak ere gola sartu duelako. Halakoetan, baina, oso zaila da enpresak golen bat ez sartzea, hark hogeita hamaika dituelako eskutik, eta langileek ez duten informazioa maneiatzen duelako. Esaterako, etortzear dauden eskariak.

Langileen garaipenak bi gako handi izan ditu: grebaren irmotasuna eta epaileak. Asteartean, Aiaraldeko sostengu batzordeak «Borrokak merezi du» zioen pankarta handi bat jarri zuen enpresako sarreran. Eta egia da, merezi du, eta gogoratu beharra dago borroka ez dela amaitu, lau langile eta hiru herritar epaiketa zain baitaude piketeetan izandako istiluengatik. Grebak inoiz ez dira errazak, are gutxiago zazpi hilabete irauten badute. Zazpi hilabete txakur txikirik ikusi gabe egoteak edozein etxe edo lantegiko giroa mikaztu dezake, eta ezaguna da langile batzordearen barruan tentsioak egon direla. Halere, bat eginda jarraitu dute, babes sozialaren itsasgarriarekin, eta barneko arrakalak ez dira azaleratu.

Epaileen ebazpena, mugarri

Beste gakoa handia EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena izan zen. Ebazpen irmoa, Tubacexek kaleratzeak egiteko arrazoi ekonomiko edo estrukturalik ez zuela ebatzi zuten sei epailek. Seiek enpresaren eta langile batzordearen txosten, ikerketa eta argudioak irakurri zituzten, eta seiek indargabetu zuten enplegu erregulazioa. Aho batezko ebazpena izan zen, PCBko aurrekariaren norabide berean. Patronalek gogor kritikatu zuten ebazpen hori; sindikatuentzat, berriz, gurutzatu ezinezko marra gorri bilakatu zen. Denborak erakutsi du epaileek arrazoia zutela. Denborak eta enpresaren erabakiek.

Lan gatazkak Tubacexeko zuzendaritzaren kontraesanak azaleratu ditu, eta, hainbeste luzatu bada, harengatik luzatu da. Greba hasi eta zortzi egunera Jesus Esmoris Tubacexeko zuzendari nagusia Jaurlaritzak Trapagaranen (Bizkaia) egin asmo den energia parkeko inaugurazioan agertu zen. Iñigo Urkullu lehendakariak hidrogenoaren euskal korridorean funtsezko enpresa izango zela nabarmendu zuen egun hartan. Hala ere, handik gutxira Arabako planten etorkizuna kolokan zegoela esan zuen Tubacexek. Epaiketan esan zuen hori, baita langileak sobera zituela ere. Guztientzako lanik ez zuela argudiatu zuen, eta horregatik zela ezinbestekoa 129 kaleratzea. Bost hilabete geroago, berriz, ez du langilerik sobera, eta dituen 700i berrogei orduz luzatuko die lanaldia. Are gehiago, dagoeneko esan du gasarekin zerikusia duten eskariak dituela. Norbaitek pentsatuko du, «agian azken orduko eskariak dira». Bada hori izan zen, besteak beste, langile batzordeak behin-behineko neurriak eskatzeko erabili zuen argudioetako bat; alegia, eskariak hiruzpalau hilabete lehenago jasotzen zituztela enpresan, eta ezin zela egin epe luzeagorako aurreikuspenik.

Tubacexeko ekuazioko azken aldagaia Jaurlaritza da. Enpresak eskatuta hasi zuen artekaritza, eta langileak kritikoak izan dira harekin. Piketeetan Ertzaintzak erabilitako indarkeria askotan salatu dute, eta negoziazioko azken txanpan eskaintza egun batetik bestera aldatu izana egotzi zioten Lan Sailari. Hala ere, haren esku hartzea erabakigarria izan da, enpresaren eta langileen arteko zubiek hautsita baitziruditen. Tubacexek bi arrazoi handi zituen alde Jaurlaritza erakartzeko. Batetik, kasu mediatikoa zen, eta, bestetik, sektore estrategiko batekoa. Hala ere, Elena Perez Barredo sailburuordeak esan zuen artekaritza lan hori ez zela aurrekari bat izango. Albiste txarra da hori, bi urte greban daramaten Novaltiako langileek edota Guggenheimeko garbitzaileek gustura jasoko lukete haren bisita.

Artikulu hau Berria.eus komunikabideak plazaratu du eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide