Hego Euskal Herriko milaka ikasle gaur itzuli dira ikastetxera; gainera, aldaketekin: Osakidetzak irizpide berriak ezarri ditu berrogeialdiak eta probak egiteko. Aurrerantzean, umeek ez dute berrogeialdirik eta probarik egin beharko ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere. Salbuespen bat egongo da: gaixo egoteagatik zaurgarriak diren umeak.
Hala dio ikastetxeetara bidali duten oharrak: «Ikasgelako inor ez da kontaktu estutzat hartuko, hurrengo kasuan izan ezik: osasun arrisku-talderen bateko pertsonak direnean». Besteak beste, minbizia, gaizki kontrolatutako diabetesa, desnutrizioa edo giltzurrunetako gaixotasunen bat dutenek edo transplanteren bat izan dutenek egin beharko dituzte proba eta berrogeialdia; gainerakoek, berriz, eskolara joaten jarraitu ahal izango dute, eta ez dute probarik egin beharko ikasgelan positibo bat edo gehiago agertu arren. Sintomak agertzen diren begiratzeko eta prebentzio neurriak «ahalik eta gehien» zorrozteko soilik eskatzen diete. Halaber, ikastetxeari jarraipena egingo diotela nabarmentzen du oharrak: «Ikastetxean egon daitezkeen COVID-19 kasuen kopuruaren edota pilaketen jarraipena egingo da Hezkuntza Sailarekin batera. Egoera epidemiologikoaren eta aukeren arabera, esku hartze ezberdinak martxan jartzea baloratuko da zaintza saretik».
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak ere eman du hezkuntzarako aholku bat: gomendatu dute gutxienez bost ikaslek edo ikaskideen %20k positibo eman arte ez ixteko ikasgela bat. Nafarroak irizpide hori beteko du. Gaur zehaztu dutenez, immunoezabatzea dutenek etxean geratu beharko dute zazpi egunean, gelan kasuren bat azaltzen bada.
Eguberrietako oporren ostean, umeek beste neurri berri batzuk ere izango dituzte ikasgeletan. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, hainbat aldaketa egin zituen protokoloan: besteak beste, ikasgela bateko eta besteko ikasleak nahastea debekatu zuen Lehen Hezkuntzan eta maskara une oro jantzi beharko dute 6 urtetik gorako ikasleek. Nafarroan, orain arte ezarritako neurriak mantenduko dituzte, egoera epidemiologikoaren arabera aldaketarik egin beharrik gabe.
Koronabirusa goraldi betean dago, eta hori ikasleen artean ez ezik irakasleen artean ere nabaritu da. Hego Euskal Herrian, mila irakasle baino gehiago daude bajan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 800 baino gehiago, eta Nafarroan, 215. Iaz, gaurko egunez, 212 irakasle zeuden bajan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Pandemiaren egoera delikatu batean gaude, eta transmisioa oso handia da. Horrek eremu guztietan dauka eragina, hezkuntzan gehiago ikusten den arren», nabarmendu du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno «arduratuta» dago bajengatik. Orotara, 437 irakasle daude konfinatuta Nafarroan.