Toki itxi gehienetan maskara ez da nahitaezkoa izango Hego Euskal Herrian hilaren 19tik aitzina. Garraio publikoetan, zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan derrigorrezkoa izaten jarraituko du. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak apirilaren 19an onartuko du erabakia. Hala jakinarazi dio gaur Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluari.
Erabakia Ministroen Kontseiluak hartuko du, eta maskararen erabilera arautzeko indarrean dagoen legea errege dekretu bidez aldatuko du horretarako. Errege dekretu hori Espainiako Kongresuan berretsi beharko da geroago. Aurreikuspenen arabera, apirilaren 20tik 21era bitartean jarriko da indarrean arau berria, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.