Zaintza eskubide unibertsalaren alde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu bat abiatuko du, greba orokor batera deitzeko asmoz. «Zaintza negozio izateari uztea nahi dugu; greba feminista orokor batera goaz, eta gaur, martxoak 8, lehen urratsa da», iragarri dute gaur goizean Bilbon egindako agerraldi batean.
ZAINTZARAKO ESKUBIDE KOLEKTIBOAREN ALDE, @M8EuskalHerria|K GREBA OROKOR FEMINISTA BATERA DEITU DU ‼️
— Olatz Silva Rodrigo (@olatz_silva) March 8, 2023
«Zaintza eskubide unibertsala izatea exijitzen dugu eta zaintza horiek negozio izateari uztea; greba feminista
orokor baterantz goaz» @berria pic.twitter.com/uBrDyyKfGx
Zaintzarako eskubidea izango da gaurko mobilizazioetako ardatz nagusia, baina mugimendu feministak adierazi du bihartik aurrera ere lanean segituko duela horren bueltan. Otsailean abiatutako borroka dinamikari jarraiki, Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua jarri du martxan, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri jorratzeko: «Aliantzak eta proposamenak bateratu nahi ditugu herri mugimenduekin eta eragile sozio-sindikalekin, eta horrela aldarrikapen agenda bat sortu». Argi dute helburua: «Borroka artikulatu bat planteatzen dugu gaurtik aurrera greba feminista orokor baterantz».
Feministek salatu dute historikoki emakumeek hartu izan dutela zaintzaren pisua, eta hori ez dela inoiz «lan gisa» aitortu: «Politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira». Are gehiago, zainketa lanak «sexuatuak, arrazializatuak eta estratifikatuak» daudela kritikatu dute: «Gaur egun, Euskal Herrian, zaintzak indarkeria eta desberdintasunaren ardatz dira emakume langileentzat».
Erantzuleak
Gogora ekarri dute, gainera, feminismoak aspaldi azaleratu zuela zaintza lanen «merkantilizazioa eta pribatizazioa». Izan ere, zaintzari zentraltasuna ukatu bazaio ere, «kapitalismo patriarkala» horren irabaziekin «aberastu» egin dela nabarmendu du mugimendu feministak: «Kolapso egoera batean bizi gara». Eta horren arrazoia «estruktura patriarkal eta kolonialetan oinarritzen den kapitalaren sistema metatzailea» da. Mugimendu feministak erantzuletzat jo ditu patronalak eta interes ekonomikoen menpe dauden erakundeak: «Euskal eta nafar gobernuekin zein instituzio frantses eta espainolekin batera, hainbat zaintza beharrizan merkantilizatzen eta pribatizatzen dituzte, eta horiekin espekulatzen dute».
Hala, «zaintzarako eskubide kolektibo baten» alde egin dute feministek: «Pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak baldintza duinetan eta konpromisotik emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde». Nabarmendu dute horrek erabakitzeko gaitasuna eskatzen duela: «Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun; zenbat, nola eta nork zaindu behar gaituen; zaintzeari ezetz esateko eskubidea barne. Eskubide hori modu kolektiboan ulertzen dugu, eta ez indibidualizatuan».
Jatorrizko albistea Berria.eus atarian argitaratu dute