Etengabeko esposizioan oinarritutako gizartean bizi gara. Sareetan, askotan, gure bizitza erakutsi, partekatu, publikatu... egiten dugu, eta, hala ere, zein ironikoa den, benetan ikusiak izateko irrikan jarraitzen dugu. Ikusiak izateko nahian bizi gara, baina ez igo dudan argazkian edo proiektatu nahi dudan irudian ikusiak, baizik eta erakustea kostatzen zaidan horretan, erakustea bertigoa ematen didan horretan. Bestearen begiradak, samurra eta benetakoa denean, humanizatu egiten gaituelako. Gu geuago bihurtzen gaituelako. "Zu" gabe existitu ezingo litzatekeen "ni" bat plazaratzen duelako.
Normalean, desira kontrolaezintzat, pasionaltzat, ia animaliatzat hartzen da, baina sexologiak badauka beste begirada bat: desira nik bestearen bizitzan besteak nire bizitzan duen lekua hartu nahi izatea da, bestearentzat esanguratsua izatea. Desirak ez gaitu bete edo osatu nahi, ez da gabeziatik sortzen. Desira gure artean partekatzean oinarritzen da, "ni" eta "zu" batetik harago dagoen hirugarren leku bat sortzean, non elkarrekin izan ahalko garen, norbera galdu gabe edota osatu gabe. Logika indibidualetatik ateratzera behartzen gaitu.
Beste bat desiratzen dugunean beste pertsona horrek ukitzen gaitu, afektatu egiten gaitu eta, era berdinean, guk bera afektatzen dugu. Desira ez doa "zer" abstraktu baterantz, "nor" konkretu baterantz baizik. Horregatik, norbaitek benetan begiratzen gaituenean, inoiz baino geuago sentitzen gara. Baina, jakina, deserosoa ere bada, begirada horrek eragiten gaituelako, dena kontrolpean ez dugula eta ahalguztidunak ez garela gogorarazten digulako.
Eta hor agertzen da talka, autosufizientzia, independentzia eta etengabeko sendotasunaren mozorroa idolatratzen den gizartean… Nola agertu zaurgarri bere estandarretan sartzen ez dena ezeztatzen duen gizartean? Nola erakutsi nire burua performancean oinarritutako gizartean? Nola onartu ni neu izateko ikusia izan behar dudala independentzia edozeren gainetik goraipatzen denean?
Agian horregatik da desira hain deserosoa eta hain beharrezkoa. Gure izaera erabat gizatiarra gogorarazten digulako: izaki interdependenteak gara. Elkarren behar dugu izan ahal izateko. Dena erakusleihoan dagoela dirudien garaiotan, desira zaurgarritasun partekatutik eraikitzen dela gogoraraztea ia ekintza politikoa dela esango nuke.