[IRITZIA] Bolintxutik Azpeitira

Erabiltzailearen aurpegia Birkite Alonso 2019ko aza. 4a, 07:00

Bolintxu haranean dagoen ur jauziaren irudi bat. / Birkite Alonso

Iritzi zutabe hau Berria.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

Bolintxu haranetik paseoan gaur, jakinik errepideak dena suntsituko duela. Uraren auriak entzun ditut, zuhaitzen gorrian bideko aztarnei jarraitu. Igande bat besterik ez, zenbat harentzat».

Orain bi aste idatzi nituen lerro horiek, Pagasarriko magalean kokatzen den Bolintxu haraneko paseotik itzulitakoan barruan jaiotako ezintasuna nonbait kokatu nahian. Dagoeneko gutxi egin daiteke harana salbatzeko, hau da, Bilbo Handitik igarotzen diren ibilgailuen ehuneko bostaren ibilbidea hiru minutuan arintzeko asmoz jadanik hasi dituzten Supersur errepidearen luzapen-lanak saihesteko. 200 milioi euroko kostua baino balio ekologiko askoz handiagoa aurretik eramango duen errepide zatia.

El último valle dokumentalak azaltzen duen bezala, Bilbo aldeko biodibertsitaterik handiena duen eremu naturala izanik, Bizkaiko Diputazioak 4,7 kilometroko errepide eskas hori eraikitzearekin batera, Arnotegi mendiaren ekialdeko hegaleko baso eta ur jauzietan bizi diren hegazti eta animalia espezie berezi askok etxea galduko dute, eta Seberetxe eta inguruko bizilagunen bizimodua ere aldatu egingo da. Errepidearen proiektua justifikatu zenean herritarrek egindako eskaeren erdia ere betetzen ez dela jakinik. Hori guztia, diputazioak Pagasarri mendia eta ingurua babesteko sortu zuen plan bereziaren testuinguruan. Pagasarri izena babestu, haren magalaz ahaztu.

Inoiz ez bazarete handik ibili, oraindik garaiz zabiltzate zuhaitzen adarrek babestutako tuneletan barrena ipuinetako bidezidor liluragarrietatik paseatzeko, edo lepitxulien kantak entzun bitartean inguruko presak sortutako ur jauzian inguruko auzoetako haurrak jolasten ikusteko.

Dokumental horretan agertzen zaizkigu orain hirurogei urte larru gorritan ur jauzian bainatu ohi ziren haurrak, eta gaur adineko mendizale taldea osatzen dutenen gogoetak entzuten ditugu. Bizitzako zati bat kenduko diete, eta horren aurrean, haranaren patua ekiditeko azken saiakera egiten dute iazko azaroan egindako dokumentalean.

Bolintxu haranaren patuarekin eta erretiratu talde horrekin paralelismoa aurkitu diot Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi. Kulturan bizi jardunaldiari. Joan den larunbatean, 120 irakasle, sortzaile eta kulturazale elkartu ginen Azpeitian, UEUk, Azpeitiko Udalak, Hik Hasik, Elkar Fundazioak eta Jalgik antolatutako jardunaldi horietan.

Aretoan sartu bezain laster, gehienak emakumeak ginela ikustea izan zen atentzioa eman zidan lehen gauza; bigarrena, eta antolakuntzak hala berretsi zuen, sortzaile gutxi zegoela (beste bi musikari besterik ez, ezagutzen ditudanak, bestelako sortzaileen aurpegiekin galtzen naiz); eta hirugarrena, irakasle gutxi ginela, hizlari batek eskua altxatzeko eskatu zuenean ikusi bezala. Gainontzekoak kulturgileak edo kazetariak izango ziren orduan…

Bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan kulturgintzaren transmisioa egunerokoan kokatzeko esperientziak deskribatu zituztenen hitzaldiak: Pantxika Telleria (arte eszenikoak), Alberto Barandiaran (Nafarroako Musikariak Ikastetxeetan programaren burua), Amaia Irazusta (Eskolako Literatur Kanona egitasmoaren arduraduna) eta arte plastikoetan hezkuntzan eta mediazioan diharduen Artaziak proiektua. Arratsaldean antzerkiaren txanda izan zen, eta Ximun Fuchs eta Arantxa Hirigoienen hausnarketa entzun genuen; hain zuzen, Iparraldeko kultur-aberastasunaren lagina utzi ziguten.

Sortzailea izanik, ezinbestekoa iruditu zitzaidan nire egitekoa zein izan daitekeen jakitea, gaurko ikasleek euskal kultura ezagutu dezaten, eta behin ezagututa, sortzera anima daitezen.

Izan ere, Gotzon Barandiaran Dijitalidadea eta Jalgiko kideak aurreko egunetan gure ikastetxean azaldu bezala, adin txikikoak dituzten 400.000 familiak euskara jakin eta hitz egiten badute ere, 300.000k ulertzen badute ere, 7.000 besterik ez dira euskal kultura kontsumitzen dutenak. Horretaz gain, aurten eskoletan matrikulatu diren atzerritik heldutako familien haurren kopurua bertokoena baino handiagoa izan da lehen aldiz. Batetik, gure kultur aniztasuna aberasten du horrek, baina etxetik ekarritako euskal jakintza eta tradizioa ez ditu bermatzen. Eskolak izan beharko du erronka hori bermatzen duena. Haurrek entzun behar dute euskara, asko eta ona. Une honetan gutxi eta momentu jakin batzuetan besterik ez dute entzuten.

Hortaz, garbi utzi zigun euskal kulturgintzaren erronka nagusia euskaldunak euren kulturara ekartzea dela, eta kulturzaleak sortzea berariazko erronka. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditugu, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edo erakunde publikoetan arituko direnak. Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesional bihurtuko diren zaleak behar ditugu, kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak behar ditugu, baita etxean, hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak ere.

Horretarako, Bolintxuko ekosistema salbatzeko denbora eta esfortzu faltak egoera konponezina izatera bideratu duela ikusita, gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko proposamenak entzun genituen, beharrezkoak ditugun lau erronka nagusi aintzat hartuta: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa. Horretarako, ikastetxeek eta irakasleek honetan bat egitea behar dugu, gelan transmisio hori egiteko. Antzerkiak, ipuin kontalariak, arte lanen bitarteko kontzeptu eta ideien sormena, olerki eta eleberrien erakusketak eta bereziki erraza egin dakigukeen bat: musikarien bidez euskal musika egin eta idazteko gogoa piztea.

Iaz bezala, aurten ere Nafarroako hainbat ikastetxetan euskal musikari asko izango gara azarotik aurrera, ikasleengan euskaraz sortzeko grina pizteko helburuz gure esperientzia eta prozedurak azaltzeko, baita zuzenean aritzeko ere. Ea hurrengo urteetan Euskal Herri osora zabaltzen dugun. Zuk pentsatu al duzu zertan lagun dezakezun?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide