Katixa Agirreren Amek ez dute (2018) eleberri bikainetik abiatu naiz testu hau idazteko. Seme-alaba jaioberriak hil dituen emakume baten istorio beltzaren inguruan idazten du protagonistak, alhadurarik gabe bere zaintza-lanari tokia kenduz, gaiaren inguruan pasioz sortuz. Beste hainbat gauzaren artean, Katixak horren modu gordinean salatzen du amatasun patriarkalaren ondarea.
Nik ere barruko zerbait erail behar izan dut gogoeta deseroso hau kanporatu ahal izateko: amok ez dugu lekurik gaurko feminismoan. Eta ez dut amorrutik esaten, ez dut min hau hurrengo hamar urteetan amorru bihurtzerik nahi, gero 3.000 emakume ausarten aurrean kanporatzeko, beharrezkoa balitz ere. Minduta nago, gaude, borrokan ari diren askok gurea partekatzen ez dutelako, gure erronkatik ari garela ikusten ez dutelako. Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan ez zelako amatasuna berreraikitzen ari garenik aintzat hartu.
Sexu-identitate eta rolik gabeko heziketa guraso eta irakasleei zor diet, era berean feminismoari esker ikasi dut maite-mintzearen eta maitatzearen artean ezberdintzen. Ikasi dut baita ere bizitzan pertsonak une egokian heltzen direla, bidean hazten laguntzeko. Mirespen arrazional batetik jaiotako maitasuna bideratzen ikasi dugu, eta emozio horretatik abiatuta une konkretu batean gehiago maitatzeko prest sentitu ginen, guraso izatearen hautua eginez. Gehiago maitatzeko hainbat modu dago, zertarako hierarkiak.
Hortik ondorioztatu dut nirea ez dela amatasun inposatu bat, patriarkatuak ez didala esan noiz edo norekin bizi behar dudan, ezta umeaz erditu behar dudan ere. Aurrez heziketa ez-sexista izan nuelako, binarismoaren soketatik aske, umeak izango nituen ala ez erabaki gabe. Argi zeukatenek ere zer-nolako amatasuna eraiki nahi duten ikasten ari dira, neu bezala, zeregin horretarako eraiki zuten zaintza-sistema patriarkalaren opresiotik askatzeko. Gutako asko amatasunak berak egin gintuen feminista aktiboak. Haurdunaldi hasieratik ikusezin sentiarazi gintuztelako, gizarte honetan bakarrik sentitu garelako, gu kapitalismo horren osagai pasibo bihurtzen saiatzen direlako.
Hamar urtez taldean jo eta gizonen eszena batean mugitzen ohituta nengoen. Berezko feminismo batetik aurre egiten nion inguratzen ninduen egoera orori, testuinguru maskulinoarekin mimetizatzen nintzela ohartu gabe. Orain ulertu dut hura ez zela feminismotik borrokatzea, sistemak ez zidalako kalterik egiten. Kontrara, gizonek integratzen lagundu zidaten, eta haiekin ikasi nuen musika egiten. Orain berriz, emakume musikariak eredu, gure parte hartzea eta ikusgarritasuna bermatzen laguntzen saiatzen naiz, nire beste lubaki horretatik.
Musikan etenaldia egin eta haurdunalditik sumatu nuen desagertzen hasia nintzela. Gizarteak ikusezina egin ninduen zaintza goiztiarraren etapan (hala ere, ezinbesteko etenaldi hori neure nortasuna berreskuratzea bezain beharrezkoa zela dakit orain). Orduantxe hasi zen feminismoa nigan loratzen: sistemak, nire amatasuna erabat kontrolatu bitartean nire feminitatea deuseztatzen zuela ikusita. Nire bizikideak beste inork ulertzen ez zuen esperientzia bat manipulatzen zuen, amatasun tradizionalaren zulo beltzean murgiltzen ninduela sentitzen nuelarik.
Brigitte Vasalloren Amatasuna desokupatu (2014) artikuluak piztu zuen metxa. Julia Cañero Ruizen Una Crítica al antimaternalismo ere (2019) irakurri berri dut. Amaia Nausia Pimoulierren Amatasun Feministaren bila artikulua interesgarria iruditu arren, laburra egin zait; euskaraz honi buruz gehiago idaztearen premia dugula uste dut.
2014an Vasallorekin erabat identifikatu eta neure amatasuna berreraikitzen hasi nintzen, zaintzaren eta esparru pertsonal aske baten arteko orekaren bila. Musika egitera itzultzeak nortasuna itzuli zidan, baita ama egokiagoa bihurtu ere, haiek pozetik zaintzen baititut orain. Neure bertsio indartsuagoa naiz, horretan bat datoz inguruan ditudan amak. Beste edozein bizi-esperientziatik eratorritako indartzea bezala da honako hau ere.
Ez nuen jardunaldi feministetan egoteko aukerarik izan. Bizikideak zenbait jaiegunetan lan egin behar du, eta partekatu ohi dugun zaintza neure kargu geratu zen. Durangon bizitzak erdigunera aldarrikatzen zuten bitartean gure lan baldintzak kontrolatzen dituen patriarkatuak nirea baztertu zuen beste behin ere. Bertaratu zirenei galdetu, eta, haien iritzian, emakume askorentzat amatasun feministarekiko arreta faltaren sentsazio orokor bat zegoen airean, aukera pertsonal moduan antzeman zelakoan. Era berean, gainezka zeuden amatasun-tailer eta tertulietan barruak askatzeko gogo izugarria zegoela esan didate: «Maitasun erromantikoa txikitu dugu, baina jarraitzen dugu amaren maitasunaz hitz egin gabe», «amatzea esperientzia anitz jasotzen duen prozesu kreatiboa da», «amatasunak antikapitalistagoa egin nau, kontsumitze-eredu bati eragiten dioten erabaki politikoak hartzen ditut» bezalakoak entzun ziren.
Bat gatoz aldarrikatzean etorkizuneko emakume eta gizon feministen guraso garela. Genero identitateari begiratu gabe, pertsonak maitatzen eta errespetatzen irakasten diegu, horretarako heterosexualitate zaharkitu baten errautsetatik abiatu behar izan garelarik. Gure bikote harremanetan femeninoaren eta maskulinoaren arteko mugak zirriborratuz, gizarte honen binarismoa ezabatzen lagunduz. Sistemak inposatzen digun jostailu, iragarki, marrazki bizidun, ipuin, arropa, gelakideen arteko liskar edo maitasun harremanak gure seme-alaben aurrean kuestionatuz eta birplanteatuz.
Borroka honetan lubakiak ezartzeko garaia dator, eta Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan aliatu sendorik aurkitu ez izanak nolabaiteko ondoeza airatu duela ikusita, probetxua atera beharko genioke geure helburuak ezagutzera emateko. Pertsonala dena politikoa bihurtu dugu guk ere.
Gogoeta honetarako iritzi eta zubiak partekatu dituzuen emakumeei, eskerrik asko.
Artikulu hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.