Beranduegi nabil Durangoko Azokaren inguruan aritzeko. Dena esanda dagoen sentsazioa daukat, bai berau indartzen duten laudorioak bai euskal kulturari ekartzen dion parte hartze masifikatu trinkoa kuestionatzen dutenen esker oneko errealitate mokaduak. Agian hori guztia horren urrun dudalako, lau egun eskas haietan partekatutakoaren oihartzunak zirriborratzen du idazki hau, argazkiak eta bideoak artxibatu ditudanean.
Erritu antzeko bat daukat. Badira aurrez atera diren baina streaming bidez entzun nahi izan ez ditudan diskoak, azokan erosten ditudanak. Gaztaroan aurrez entzun gabeko CD hori itsu-itsuan erosten nuenekoa gogoratuz. Zoratuko edo desengainatuko nauen lanari dagozkion laztana eta arreta eskainiz, behin entzuteko bada ere.
Gauza bitxia gertatu zait aurten erositakoen arteko bost diskorekin. Kotxean bakardadean gidatu bitartean, baita etxean ere (entzungailuekin, bestela...) banan-banan eta lehen entzunaldian egin dut haienganako lotura pertsonal estua. Film hartan plaza erdian usoekin bat egiten zuen atso arraro horren moduan, txoriak besoetan pausatzen zitzaizkiolarik bihotzeko lagunak egiten ari zela uste zuen atso zoro hori banintz bezala.
Lehen diskoaren sortzaileak egiten duen guztiak aztoratzen nau, beste inork egiten ez duena ikasi bitartean irakasten duelako. Lan berri honen kantuek errekasto labur ezezagun bat marraztu zuten, bere zetazko ahotsak eskutik hartu eta uretan murgilduta gitarra zein bateria edo sintetizadoreen soinuek laino ilunetan barrena eraman nindutelarik, non amaituko ote zuen jakin-minak bihotza estutuz. Iruzurrik gabe, labur egiten zait beti hark eskainitakoa, eta gehiagoren eskean utzi ninduen.
Bigarren diskoa bidaide perfektua izan zen. Hitzen beharrik gabe lagunduta sentiarazten zaituen lagun horren modukoa. Basamortuko solitude-an errepidetik gidatzen zoazelarik zigarroa pasatzen dizuna, esperientziak eman dion bere keinu pausatuak bidaiaz gozatzeko adierazten dizun bitartean. Gitarren sokek elkar lotutako errepide amaigabeetan eguzkiak itsutzeraino aurrera egin eta galtzera gonbidatzen zaituen laguna.
Hirugarren diskoak, ordea, adiskide berritsu, alai eta fidelarekin batera jaiak gozatzera eraman ninduen. Edozein herriko plazan dantzara eskutik atera, eta, akordeoiaren nahiz saxofoiaren doinuaz lagunduta, gaztaroko algara gogora ekarri zidan. Eguneroko bukle honetan sartuta, lagunarekin tabernan sartu eta edanez orduetan hitz egin izanaren sentsazioa utzi zidan, etxekoari balioa emanez, eskuz egindako lana arraro egiten zaigun garai honetan.
Laugarren diskoak barruak astindu zizkidan. Txikia izanik, grabaketa apalaz jantzita, kuadrillan ia nabarmentzen ez den lagun horren moduan nabarmena egin zitzaidan. Elkarrekin kafea hartu bitartean hari egokiak lotzen dizkizun lagun hori. Konfiantzaz abestutako kantuek zure minak, desirak, ihesean joaten uzten ez dituzun pentsamenduei hitz eder egokiak esleitu eta biolin baten melodiaren laguntzaz malkoetan erauzten dizkizuna. Dagoeneko lur jota zaudenean berandu baina garaiz ailegatzen den laguna.
Bosgarren eta azken diskoarekin ihes egin nuen. Play sakatu bezain laster, eguneroko kaos antolatu honetan berez ezarri zaizkidan betebehar eta erantzukizunei ihes egiteko zain daukat laguna, hondartza bakartian oinutsik, ni heldu eta kamiseta erantzi ostean batera korrika hasteko prest. Hondartza osoa zeharkatzeko asmoa dugu, ezarritako A abiapuntutik aurrera abiadura progresiboki areagotuz, arnasestuka lasterketa eten eta lurrera makurtuz pausa txikiak eginez, bederatzigarren minutuan berriz korrikan abiatuz, orain bestelako dinamika batean: pausatua baina tinkoa, itsas haize leunaren laztanak bultzatuta, olatuen marmar sinkopatua atzean, geure aztarna eguzki izpiek epeldutako harean utziz. Hamaseigarren minutuan azken esprinta egiteko prest gaude B puntura ailegatzeko. Erlojuaren tik-tak batek ongi etorria egin digu oihanean barrena sartu aurretik. Lasterka jarraitu ahal izateko zuhaixken adar finak besoekin erditik kentzen ditugu aurrean duguna bistaratu ahal izateko.
Non amaituko ote dugun elkarri galdetu nahian, zaila egiten zaigu ezer esatea oihanari hitzik kendu gabe. Aurrera egin dezagun. Aurrera. Atzetik ditugu oraindik, noraezean darraigu ezkutatzeko soilgune galdu baten bila. Bat-batean, isildu egin dira, eta tik-tak hori itzuli da, danborrek eten duten arte. Danborrek izutu egin gaituzte; inoiz baino azkarrago ekin diogu berriz korrika egiteari.
Oinak minduta ditut, ezin aurrera jarraitu, eta, bertan erortzeko zorian nagoelarik, olatuen marmar sinkopatutik jaiotako gitarren soinu gogor baten eztanda laguntzen hasi da bultzaka. Bultza. Bultza. Bultza. Airean salto egin dugu haien azken bulkadan. Isilunea azkenik. Begiak ireki eta soilgune bakartian etzanda gaude biok, kaioen txio artean zerura begira irribarre eginez. Elkarren ondoan arnasestuka, izerditan, eskutik helduta.
Plaza erdira itzuli naiz, besoetatik ihes egin didate usoek. Oskarbian hegan urruntzen dira, hurrengo besoetan pausatzeko prest.
Artikulu hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.