Ondoan azalduko dudana duela hainbat urteko kezka da. Alde batetik ikusten nuen ondoko herri euskaldun batean euskarak atzera egiten zuela, zenbait kasutan gurasoek erdaraz egiteko arazorik zutela, eta semeek, aldiz, euskaraz jakin ez, edo ahaztu. Beste aldetik, Laudio moduko herrietan D ereduko matrikulazioek gora egiten zuten etengabe, baita ikasleek euskaraz ikasi pentsatu ez genukeena ere, baina kalean erabilera ez zen batere nabaritzen.
Orain egoera zerbait aldatu delakoan nago. Botikara, ferreteriara edo edozein dendatara zoazela, enplegatu gazteak badaude, euskaraz egin dezakezu normaltasunaz.
Testuinguru honetan, Aiaraldea aldizkariaren zeregina edo funtzioa oso garrantzitsua iruditzen zait “Euskara jalgi hadi plazara” zubilan honetan ondoan azalduko ditudan arrazoiengatik.
Inguruko biztanle eremu zabala eta naturala hartzen du –Laudio, Orozko, Amurrio, Aiara udalerri osoa, Artziniega, Urduña, Okondo, Arrankudiaga…-, bertako eta bertakoen berriak gaurkotasunaz agertzen direla. Esaterako, berriki Luiaondoko Anuntzi Arana antropologoak jaso duen Durangoko Argizaiola saria.
Hainbat arlo izateaz gain -kultura, hezkuntza, gizartea, kirol agenda, denbora-pasak…-, nire uste apalean garrantzitsuena zera da, idazten duten herritarren inplikazioa, zeren bertan eskualde honetakoak diren lehendakari ohiek, parlamentariek, idazleek, itzultzaileek, irakasleek, ikasleek, bertsolariek, besteak beste, parte hartzen dute eta horrek aldizkariari hurbiltasuna ematen dio. Hau Aiaraldeara bidaltzen dudan hirugarren artikulua bada ere, lehena izateko erdi egina eta pentsaturik nuen.
Aurreko den-dena pil-pilean jarria, plater goxo bat lortu arte. Gainera, aitortu behar da webgunea eta banaketa egokiak direla, eta hori guzti hori bultzatzaileen ekimenaren eta boluntarioen lanari esker dugu. Horregatik Aiaraldea beharrezko dugu, eta horregatik bultzatu behar dugu. Etxeparek duela 500 bat urte aipatzen zuena, gutxi gorabehera, “Oraindaino egon bahaiz, inprimatu bagerik…” esateko euskara idatzirik aurrera egingo zuela, orain, aldiz, ea idatzitakoaren bidez euskara plazara ateratzen dugun.