“Grebaren prozesua ez zen izan bakarrik Mugimendu Feministaren ardura. Guztiona da zaintzaren ardura larritasun maila duen egoerari erantzuteko”

Erabiltzailearen aurpegia Bor-bor 2024ko aza. 26a, 18:30

Zer nolako zaintza politikak behar ditu Euskal Herriak? Aiaraldean eta beste herri batzuetan, zein proiektu, akordio edo esperientzia garatu dira azken hilabeteetan? 2023ko Greba Feminista Orokorraren ajeak eta birajeak aztertu genituen Maddi Isasi Azkarraga Mugimendu Feministako kidearekin Bor Bor solasaldian.

Urtebete pasa da historian lehenbiziko aldiz Greba Feminista Orokorra antolatu zenetik. Zertan aldatu da geroztik historia? 

Greba Feminista Orokorra 2023ko azaroaren 30ean izan zen, eta ondorengo egunean Mugimendu Feministak proposamen edo interpelazio oso zuzena egin zuen, herri akordio zabal batean bildutako zaintza sistema publiko komunitariorantz bidean urjentziazko aldarrikapenak bilduz. 

Grebaren egunean ikusi zen sustengu sozial handia. Pandemiaren aurreko ziklotik, Euskal Herrian egondako mobilizaziorik handiena izan zen azaroaren 30ekoa. Horregatik, euskal instituzioei eskatu genien (Nafar Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari) ardurak hartzeko eta proposamenak garatzeko. Mahai interinstituzionalak sortzeko proposamena egin genien, aldarrikapen horiei sektore ezberdinetatik erantzuteko. Oraindik ez da erantzun bakar bat ere egon. Horrek esan nahi du utzikeria eta arduragabekeria daudela, eta borondate eza dagoela Eusko Jaurlaritzatik “Euskal zainketen ituna” deitu dioten planarekiko. 

"Mahai interinstituzionalak sortzeko proposamena egin genien, aldarrikapen horiei sektore ezberdinetatik erantzuteko. Oraindik ez da erantzun bakar bat ere egon, horrek esan nahi du utzikeria eta arduragabekeria daudela"

Mugimendu Feministaren diskurtsoa erosi dute nolabait, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzen ari dira diskurtsiboki, baina praktikan betiko ereduarekin jarraitzen dute bi zentzutako pribatizazioarekin, gainera (zaintzen beharrak familien gain kokatzen dituzte, eta instituzioetatik enpresa pribatuekiko azpikontratazioa sustatzen ari dira). Greban botatako datuetan gaude oraindik: EAEn %9 dira soilik erresidentzia publikoak. Urtebeteko epe honetan hainbat zigor edo isun jaso ditugu gainera, kide asko izan dira auziperatuak greban eginiko ekimenengatik (Aiaraldean, adibidez, 6 laguni 2.500 euro baino gehiagoko isuna jarri diete). Hori ere bada modu bat mugimendua ito edo erantzuteko.

Isun horiei aurre egiteko, esan beharra dago, zorionez, mekanismoak garatu direla. Aiaraldean gauza polita gertatu da: langile klaseko sektore ezberdinen saretzeari esker, Greba Batzordearen bitartez, IMEGAR eta beste kolektibo batzuetako kideek isun horiei aurre egiteko babesa eskaini dute. Greba eta ondorioen ardura jendarte osoarena eta mugimendu sozial guztiena da, eta polita da euren elkartasun kutxatik isunak ordaintzeko “klase elkartasuna” artikulatzea. Emakumeen arteko aliantzak ere ari dira garatzen. Hala ere, egia da instituzioetatik agenda politiikoan gauza inportanteagoak jarri dituztela hitz egiteko, eta zaintzarena hirugarren edo laugarrenen plano batera pasa dela. 

"Urtebeteko epe honetan hainbat zigor edo isun jaso ditugu gainera, kide asko izan dira auziperatuak greban eginiko ekimenengatik"

Beste esparru batzuetan, ordea, egin dira urratsak. Euskal Herrian zein pauso eman dira?

Urtebeteko ibilbidean asko izan dira tokian toki egindako ariketa sakonak. Errazena da aldarrikapen taula bat izenpetu eta grebara batzea, baina gero beste fase bat dator: urjentziazko neurri horiek praktikara ahalik eta modu eraginkorrenean pasatzeko zein da estrategia tokian toki? Mugimendu Feministatik eta beste sektore batzuetatik zein konpromiso planteatu daitezke? Bereziki Mugimendu Feministaren lidergotza eta anbizioari esker asko dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan sustatutako prozesuak norabide horretan jarraitzeko (sindikalgintzan, berdintasun teknikarien sarea osatuz, etxe langile eta emakume arrazializatuekin… eta baita eskualde eta herri ezberdinetan ere). Azaroaren 30ean “Zaintzen herria” ekimena antolatu da, saretze horretan aurrera jarraitzeko. Beste toki batzuetan topaketak egin dira: Aiaraldean martxoan egin zen esperientziak jasotzeko topaketa, eta Gernika mailako herri akordioa ezagutu genuen horrela. Araban ere, Mugimendu Feministaren iniziatibaz kolektibo ezberdinekin lurralde mailako akordioa egiten ari gara (pentsiodunak, zaintza sektorekoak, eragile soziopolitiko ezberdinekin…). Ondo dago instituzio gorenak interpelatzea (egoera honi erantzuteko ardura eurena da), baina konpetentziei dagokienez, Foru Aldundi eta Diputazioetan ere badago aukera.

"Mugimendu Feministaren lidergotza eta anbizioari esker asko dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan sustatutako prozesuak"

Eta Aiaraldean?

Eskualdera etorrita, Amurrioko Emakumeen* Sareak azken hilabete eta urteetan mahaigainean izan du hainbat zaintza foro antolatzeko prozesua, zaintza behar ezberdinak izan ditzaketen sektore eta kolektibo ezberdinekin (erabiltzaile profiletik, nola egin dezakegu Udalaren konpetentziak kontuan hartuta aldarrikapen horien lurreratzea?).

Modu horretan, interprelazio eta jarraipen konkretua egin zaio Amurrioko Udalari, eta urtebete igaro da grebaren ondoren eratutako negoziazio mahaitik udalbatzan mozioa sartu zela. Bertan hainbat konpromiso jaso eta onartu ziren. Ondo dago aldarrikapen orokorrekin bat egitea, baina zein modutan garatuko dira udal mailan? Horretarako elkarrizketa edo interpelaziorako markoa sortu genuen, negoziazio mahaia deitu dioguna, eta Udalarekin lau urterako konpromiso zehatzen plana garatzen ari gara. Mugimendu Feministaren funtzioa gutxienekoak eta denborak markatzea da, helburu nagusia zaintza sektoreko emakume langileen lan baldintzak eta udalaren zaintza zerbitzuak hobetzea delarik, urrats praktikoak ematea, paperean edo kaxoietan geratu ez dadin.

"Araban ere, Mugimendu Feministaren iniziatibaz kolektibo ezberdinekin lurralde mailako akordioa egiten ari gara"

Amurrioko esperientzia aipatu duzu. Zer egin dezake tokiko gobernu edo udal batek zaintza sistema hobetzeko?

Etxebizitza komunitario edota Eguneko Egoitzak udalaren konpetentziak dira, adibidez. Bi espazio horietan langileen egoerak eta baldintzak entzun eta klausulak hobetzea udalaren eskumena da, ratioak aztertu eta baldintzak hobetzeko. Zaintzaren ezkutuko dimentsioa, lan merkatutik at kokatzen dena, askotan etxe langileen egoera izaten dena... 

Nola eskaini daiteke udaletik errolda soziala? Emakume horiei aholkularitza ematea posible da? Zaintzaren paradigma aldatzeko kultura aldaketa beharrezkoa da. Amurrioko sektore ezberdinetan nola egin daiteke pedagogia hori ikastetxe zein kirol edo kultur eragileekin? Prozesu hori garatzen ari gara. Ikusteke dago zein ondorio izango dituen, inplantatzen dagoen zerbait baita. Hala ere, proiektu ezberdinak garatzeko anbizioa dagoela uste dut, eta politika publikoetan zaintzak erdigunea hartzekoa. Izan ere, egoerak jasanezina eta kolapsatua egoten jarraitzen du. Horretan dabil Mugimendu Feminista eta horretan gabiltza Euskal Herrian ere bai. 

"Sindikalgintzatik, esaterako, zein konpromiso eraman daitezke lehentasunez negoziazio kolektibo edo lan eremuetara? Berdintasun teknikarien arteko sarea ere planteatzen ari da, instituzioen barneko estrategiak josteko"

Txikitik handira ari zaio erantzuten, beraz, zaintzaren problematikari. Euskal Herrian bada herri ezberdinetako proiektuak trukatzeko sarerik? 

Oraindik ere grebaren deitzaile izandako “Denon bizitzak erdigunera” koordinadora martxan dago. Prozesu honen lidergotza eramateko sarea da, eta bertatik ari da planteatzen karril ezberdinetatik nola garatu aldarrikapen taulako konpromisoak. Sindikalgintzatik, esaterako, zein konpromiso eraman daitezke lehentasunez negoziazio kolektibo edo lan eremuetara? Berdintasun teknikarien arteko sarea ere planteatzen ari da, instituzioen barneko estrategiak josteko. Bestalde, zaintza sektore ezberdinen (eta etxeko langileen) saretzea ere abian dago, kolapsatuen dauden zaintza egoera horiei aurre egiteko.

Hortaz, fronte ezberdinetan ari dira prozesu horiek gauzatzen, eta herrietan ere bai. Koordinadora Feministatik joste lan hori egiten ari gara, eta ekainaren 1ean, ikasturtearen amaieran, Asanblada Nazionala egingo da herrietako esperientzia ezberdinak partekatzeko, zein aukera edo praktika on egon daitezkeen ikusteko… Zer, zergatik eta nola egiten ari gara? Guztion artean, Mugimendu Feministatik, zeintzuk izan behar dira aurrera begira, prozesuaren hurrengo urratsak? Jardunaldiak antolatzea, gaia agendan mantentzeko urrats mobilizatzaileak…

Zentzu horretan, Mugimendu Feministaren epe laburreko hurrengo erronka grebaren urteurrena borroka egun gisa ezaugarritzea izango da, efemeridetik harago, kaleak berriro hartu eta zaintzak presentzia hartzeko Euskal Herriko kaleetan. 

"Grebaren prozesua ez zen izan bakarrik Mugimendu Feministaren ardura. Zaintzaren eremuan guztiona da ardura larritasun maila duen egoerari erantzuteko"

Zaintzaren problematika kaleetara berriro ateratzea izango da erronka, hortaz. Eskualdeari dagokionean, zein formatan gorpuztuko duzue hori?

Espazioak ireki nahi ditugu prozesu lokaletatik egiten ari den bidea partekatzeko, sozializatzeko eta elkarrekin pentsatzeko, kaleak hartzeko logikan.  Grebaren ondorengo faseetan, erdigunera ekarri nahi ditugun aldarrikapenak sozializatzeko ekimena izatea nahiko genuke, eta beraz, Amurrioko eta Laudioko plazetan mobilizatzeko eguna izango da. 

Azaroak 30, ekainak 1… Ez daude mahaigainean erronka eta data gutxi.

Modu xumean bada ere, jendarteko sektore ezberdinei interpelazioa egin nahiko genieke. Grebaren aurretik asko azpimarratu genuen Euskal Herriko lehen Greba Feminista Orokorraren apustua. Grebaren prozesua ez zen izan bakarrik Mugimendu Feministaren ardura. Zaintzaren eremuan guztiona da, ardura larritasun maila duen egoerari erantzuteko.

"Zaintza krisia globala den zerbait bezala irudikatu daiteke, baina komunitateak ere badu zer egin, guztiona da eraldaketarako ardura"

Mugimendu Feministaren xedea egoerari aurre egitea da, zaintza krisiaren irakurketa osatzea, eta egoera hori politizatu eta bideorria planteatzea. Horrek ez du esan nahi Mugimendu Feministaren "marroia" denik, jendarte osoarena baizik; maila guztietan eta ahalik eta eremu gehienetan garatzeko. Horregatik, deia luzatu nahiko genieke sektore ezberdinei eta gizonei (Greba Feminista Orokorrean ebidentea izan baitzen askoren ausentzia, eta datuek erakusten dute gizonek ez zaintzeko pribilejioari uko egin gabe jarraitzen dutela, eta eremu honetan ardurak hartu gabe). Zaintza krisia globala den zerbait bezala irudikatu daiteke, baina komunitateak ere badu zer egin, guztiona da eraldaketarako ardura. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide