“Osasuna eta elikadura, ikuspegi feministatik” zikloa 3 gai eta saio barne hartzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Bor-bor 2026ko urtarrilaren 24a

Andrea Velasco nutrizionistak gidatuko ditu saioak.

Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak elikadura eta gorputza jarriko ditu erdigunean 2026ko lehen hiruhilekoan. Elikadura Faktoriarekin elkarlanean ondu dute proiektua.

Zer nolako eragina du elikadurak osasun eta gorputzetan? Hori guztia ikuspegi feministarekin landuko dute datozen asteetan Aiaraldea Ekintzen Faktorian, Bor-bor elkartearen bitartez. Orotara hiru gai “potente” jarriko dituzte erdigunean emakumeen gorputz eta bizitzetan duten eraginaren jabe: menopausia, giza papilomaren birusa eta emalege zikloa. “Azken honen baitan -emalege zikloa- hormona osasun ona sustatzeko gakoak identifikatzen ikasiko dugu”, zehaztu dute.

Modu horretan, gure gorputz eta bizitzetan eragin nabarmena duten osasun afera batzuk elikadura eta ikuspegi feministatik nola landu daitezkeen partekatu dute; konfidantzazko espazio lasai eta erosoak sortuta, norbanako zein komunitatea ahalduntze aldera. 

Otsailaren 5ean, 19an eta martxoaren 5ean izango dira saioak, Andrea Velasco Fernandez nutrizio adituaren eskutik. Formakuntza saio guztiak euskaraz eta doan izango dira. Antolaketa lanak errazteko, ordea, izen-ematerako deia luzatu dute, esteka honetan mezua bidalita, edo faktoria.eus webgunearen bitartez. Plaza kopurua mugatua izango da, 12 lagunekoa. Tailerrak teoriko-praktikoak izango dira, partaideek saio bakoitzean 2 errezeta ikasi eta egingo dituzte.

Egunka, hauek izango dira jorratuko diren gaiak:

  • Otsailak 5: Giza papiloma birusa  eta elikadura ikuspegi feministatik
  • Otsailak 19 Hilerokoaren zikloa,  elikadura eta feminismo ikuspegietatik
  • Martxoak 5: Menopausia eta elikadura ikuspegi feministatik

Beldur eta lotsa gabe ahalduntzeko deia

“Giza papilomaren birusaren kasuan, pertsona askori eragiten die, eta sarritan beldurra eta lotsa sentiarazten dizkigu”, adierazi du Andrea Velasco Fernandez adituak, “hitz egin dezagun horretaz eta ikas dezagun nola indartu gure immunitate sistema”. 

Lehenbiziko saioa, beraz, otsaileko lehen ostegunean izango da, hilaren 5ean, 18:00etatik 20:30era. Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren babesarekin antolatu da, Elikadura Faktoriarekin elkarlanean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide