'Kulturartekotasun txangoak' ekimena antolatuko du Bor-bor elkarteak, bigarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Bor-bor 2026ko maiatzaren 20a

Maiatzaren 28an izango da udaberriko irteera. Egitasmoaren helburua etorriberriei Aiaraldea ezagutaraztea da, saretu eta ahalduntzearekin batera.

Bor-Bor elkarteak bigarrenez egingo du “Kulturartekotasun txangoak” proiektua. Iaz abiatu zuten egitasmoa Amurrio eta Laudioko EPA zentroekin elkarlanean, bi irteera antolatuta: maiatzean Maroñoko urtegira joan ziren, eta urrian Orozkora. 

Hala, tokiko emakume ekoizleen lana ezagutu eta dastatzeko aukera izan zuten, ingurune geografiko-soziala zabaltzearekin batera. Programaren helburua etorriberrien komunitatea saretu eta ahalduntzea da, feminismotik eta euskaraz. Horretarako, kulturartekotasun bidaia bat da Bor-bor elkarteak planteatzen duena, autobusetik abiatuta. Hain zuzen, Amurrio eta Laudio herriak bilakatu dituzte topaleku edo abiapuntu, handik eskualdeko paisai ederrak erakusteko kultura anitzetako kideei.

Artziniega geltoki

Artziniega izango da 2026ko lehenbiziko helmuga. Maiatzaren 28an egingo dute horretarako txangoa, eta izen-ematea zabalik dago (borborelkartea@gmail.com helbidean edota Amurrio zein Laudioko EPA zentroetan).

Artziniegako bisita, gainera, Oihane MG “Marratik at” ilustratzaileak gidatuko du, bere herria eta ibilbidea partekatzeaz gain, elkar ezagutzeko eta espazio artistiko eta informalak uztartuz. Hala, esperientziaren aniztasun eta aberastasuna ilustrazio bidez islatuko du gerora. Horrez gain, “kulturartekotasun pintxoak” ere egongo dira, aurreratu dutenez.

Ekimena doakoa da partaideentzat, Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren babesari esker gauzatuko dute.
Hemen ikus daitezke iazko edizioko irudiak:
● Kulturartekotasun txangoak (Maiatzak 29)
● Kulturartekotasun txangoak (Urriak 30)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide