Munduko sendabelar jangarriak izango ditu ardatz Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkartearen aurtengo kulturartekotasun proiektu nagusiak. Ohi gisa, emakumeen eskutik eta ahotik jasotako jakintza biltzea jarri dute helburu, asko baitira belaunaldiz belaunaldi kultura ezberdinetan erabili izan diren sendabelarrak elkar zaintzeko.
Horretarako, Aiaraldean bizi diren emakumeei dei egin diete, euren etxe edo inguruetako sendabelarren erabileraren berri-emateko. Urria bitarte bilduko dituzte sendabelar jangarri bakoitzaren erabilerak, emakumeen istorio edo bizipenak (transmisioaren nolakotasuna), eta berauen ezaugarriak (non eskuratu daitezkeen eta nola erabili daitezkeen).
Hala, azaroan zehar foileto eta aurkezpena prestatuko ditu Bor-bor elkarteak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriarekin batera; eta azaroaren 27an zabalduko dute emaitza. Proiektuaren sustatzaileek adierazi dutenez, emakume eta kulturen saretze eta jakintzen aitortza bultzatu nahi dituzte aipatutako ekimenaren bitartez. “15-20 emakume ingururekin elkartu eta euren testigantzak, istorioak eta euren komunitatean sendabelar jangarriek izan duten erabilera pilatu nahi ditugu”, nabarmen dute. Izan ere, zaintzak mila aldaera eta osagai izan ditu jendartean historikoki, “eta kulturen arabera era batean edo bestean transmititu izan dira”.
Aberastasun guzti horri forma eman eta modu komunitario batean garatuko ditu Bor-borrek nola proiektua, hala prozesua.
Nola parte hartu
Sendabelarren jakintza duten herritarrek borborelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dute mezua, eta eurekin jarriko dira harremanetan zehaztutako informazioa lortzeko besteak beste. Ildo beretik, 688625900 telefono zenbakira deitu edo whatsappa bidalita ere kontaktatu ahalko da, edota @Borbor_elkartea Instagram kontura mezua bidalita.
“Sendabelarren erabileraren berri duten emakumeen zerrenda bat egin nahi dugu deialdi honen bidez, eurekin harremanetan jarri, eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko. Modu horretan, emakumeen jakintza bilketari ikusgarritasuna eta aitortza emango diegu”, azpimarratu dute.
Aurkezpen eta tailerra, azaroan
Lehen fasea izango da irailean eta urrian garatuko dutena: hots, jakintza bilketarena. Azaroan, emakumeen eskutik ateratako ideia, istorio eta komunitate anitzetako erabilerak erdiguneratuko dituen argitalpena osatuko dute; azaroaren 27an, 18:00etan, Laudion kokatutako Aiaraldea Ekintza Faktoria espazioan aurkezteko.
Ekimena eta tailerrak doakoak izango dira, Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren babesa izan baitu proiektuak.