Espainiako faxismoaren ikurra KOz garaitu zuen Aratz Garmendiak

Erabiltzailearen aurpegia Borroka Aiaraldea 2017ko aza. 13a, 07:30

Larunbatean Master Series borrokaldian lehia soila baino gehiago izan zen Aratz Garmendia eta Jose Luis Zapater "Titin" valentziarraren arteko norgehiagoka. Izan ere, borrokalari espainiarra faxista ospetsua da inguru neonazietan.

11.000 ikusle baino gehiago batu ziren larunbatean Bilbao Arena kirol pistan, Miribilla auzoan. "La velada del millón" deiturikoan gauza asko zeuden jokoan eta guztiak ez ziren kirol hutsa.

Besteak beste, ringaren gainean bi borrokalari euskaldunek eta bi valentziarrek talka egin behar zuten; Ieltxu Tralleroren aurka eta Aratz Garmendia Jose Luis Zapater "Titin"-en kontra. Borroka giroa apur bat ezagutzen zuenak, bazekien bi valentziarrek muturreko eskuinarekin lotura estua izan dutela eta bolo-bolo zebilen informazioa ikusleen artean. Are gehiago, Titin nazien ikurra izan da, eta 1000 borroka baino gehiago izan ditu ringaren gainean (kalean izandako liskarren ondorioz ere zigortua izan dela salatu dute faxismoen aurkako testu egileek).

Ondorioz, politikaren eragina agerikoa zen giroan eta zerbait elektrikoa zegoen airean, eztanda egiteko prest, eta gogoak berehala askatu ziren.

Borrokalari guztien aurkezpenari ekin ziotenean, txistuak entzun ziren Trallero ringera hurreratu zenean, eta are gehiago Titinek gauza bera egin zuenean. Euskaldunek, ordea, txalo zaparrada jaso zuten, etxean baitzeuden. Aratz Garmendiak animalizaleen babesa ere erakarri zuen, rot-wailer batekin agertu baitzen.

Harmailetan egoera gaiztotua zegoen arren -bereziki athleticeko futbolzale talde batek tenperatura berotzen zuelako-, Aratz eta bere aurkariaren harremana guztiz errespetuzkoa izan zen, eta adeitasunez agurtu ostean, aldageletara itzuli ziren.

Borrokaldia berehala hasi zen ata Ieltxu eta Tralleroren arteko borroka bertan behera utzi behar izan zuten, valentziarrak begian zauria egin ondoren. Nulua izan zen lehia.

Geroago  heldu zen Titin eta Garmendiaren ordua. Valentziarra txistu, oihuen eta Espainiaren aurkako irainen artean atera zen ringera. Jiu Jitsu jantziak bere estrategia aurreratzen zuen: Garmendia lurrera eramatea eta bertan menderatzea.

Aratzek pasarela ziztu bizian zeharkatu zuen eta ringean sartu zen. Bere motibazioa bistakoa zen eta Iñigo Cabacas gogoratzen zuen kamiseta zeraman.

Berriro ere, begirunez agurtu zuen arerioa, baina kanpaia jo bezain laster protokoloa bukatu zen. Aratzen planteamendua ere argia zen, ukabilak eta belaunak erabiltzea Titin jokoz kanpo uzteko.
Pare bat kolpe bota bezain laster, borrokalariak ringaren txoko batean korapilatu ziren, desgaste borrokan sartuta. Jendea "jo ta ke" abesten hasi zen, eta tarte bat loturik eman eta gero, Aratzek lortu zuen Titinen besarkada askatzea eta "clinch"-ari ekin zion, aurkariaren burua esku artean hartu baitzuen egurtzeko; hiruzpalau belaunakada jaso ostean, valentziarra saiatu zen berriro Aratzen hankak harrapatzen, eta hori izan zen bere azken akatsa: Aiaraldean bizi den kirolariak belaunarekin egin baitzion harrera konorterik gabe uzteko.

Bat-batean Bilbao Arena orroen eta txaloen menpe geratu zen. Poztasun adierazpenen aurrean, Aratzek lasaitasuna eskatu zuen, keinuz, bere hitzak entzutea ezinezkoa baitzen burrunban. Kiroltasun erakustaldi berria izan zen Garmendiarena, odol hotza erakutsiz, eskatu zion publikoari ez ospatzeko borrokalari bat konorterik gabe baitzegoen.

Valentziarrak, aldiz, bere senera itzultzeko denbora behar izan zuen, bere jarraitzaileen ardura areagotzen zen bitartean. Edonola ere, Titin osatu zen eta aukera izan zuen ikusteko epaileak Aratz Garmendiaren besoa altxatzen zuela garaile izendatzeko.

Geroago ere, biak igo ziren ringera eta errespetua izan zen nagusi.

Ez zen gauza bera gertatu espainiar ereserkia jo zutenean Kerman Lejarraga eta Jose del Río Espainiako Txapelketa jokatzear zeudela, ideologien talka errepikatu zen giroan.

Gehiengoak, ohitura jarraiki -Jon Fernandezen borroketan gauza bera gertatzen baita- txistu egin zuen abestiaren aurka, gutxi batzuek -borrokalari euskaldunak eta beltzak txalotzen ez zituztenak, alegia- ordea, txaloak eta agur faxista hautatu zuten, baina hori beste kontu bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide