Baldintza guztiak kontran edukita, Laudioko lehen taldeak garaile bueltatu zen etxera igandean. Goizeko zortziretan Gasteizera abiatu ondoren, eguraldi zakar batekin, CD Laudiok bere irteerarik zailena gainditu zuen. Lehenengo zati nahiko txar batean, San Prudentziok gutxi eginez korner batean gola egin zuen zurigorrien biguntasunaren laguntzarekin. Aldapan gora jarri zen norgehiagoka eta markagailu horrekin bukatu zen lehenengo zatia.
Bigarrena hobeto hasi eta gero, aukerak izan zituzten Laudioko mutilak berdintzeko, baina gola ez zen iritsi bigarren zatiko 68. minutura arte, Alejandro Corrales-ek atean aldaratze bat bultzatu zuenean. Bakarrik bi minutu beranduago, Aitor Crespok jokaldi on bat burutu, eta bere jaurtiketa defentsa batean jo ondoren, bigarren gola lortu zuten zurigorriek.
Beraz, poz pozik bukatu zuten goiza, klasifikazioan Ariznabarra-ren (2.enak) 6 puntura bakarrik.