Agroekologia, landa-eremua, osasuna eta kalitatea gure jendartean sakon txertatu diren balioak dira. Gero eta kontsumitzaile gehiagok hartzen dute kontuan erosten dituzten produktuak osasungarriak eta gertukoak izatea. Elikadura-kateek amu hori erabiltzen dute publizitatea egiteko, jasangarritasun natural, sozial eta ekonomikoaren funtsekin bat ez datozen produktuak eskainiz.
Kontsumitzaile arduratsu moduan badugu gaitasuna tokiko eredua bultzatzeko, zeinetan zer eta nola ekoiztu eta zer kontsumitu erabaki ahalko genukeen. Proposamen horrek ekoizleak, kontsumitzaileak eta merkatariak, gazteak, emakumeak eta gizonak inplikatu beharko lituzke, aukera berdintasunean.
LaudiONegin taldetik kontsumitzaile gisa egiten dugun hausnarketa da eskualdeak baduela ahalmena produktu agroekologikoak ekoitzi eta kontsumitzeko, eta uste dugu bide horretan jarraitu behar dugula. Kontsumoaren igoerak ekoizle gehiagoren beharra dakar, aurretik planifikatuta bere ekoizpena zer talderi zuzendua joango den: eskola-jantokiak, kontsumo-taldeak, saltokiak... Beharrezkoa da ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko komunikazio estua, gardentasunean eta behar komunen ezagutzan oinarritutakoa. Foroak, ikastaroak, bisitak eta merkatuak baliatu daitezke horretarako. Funtsezkoa da instituzio publikoek sektorearekiko kontzientziazioa eta inplikazioa izatea.