Etxe honekiko erakarmena zutabeetatik datorkit, besteak beste. Hots, zutabegileen lana jarraitzen dut. Hareago, zenbaiten jarraitzaile ere banaizela esango nuke. Izan ere, plantilla ederra bildu du hedabide honek zutabegintzarako. Askotariko ahotsak, famatuak ez gutxi, ardura garrantzitsuetan dabiltzanak edo ibilitakoak zenbait... Ideologia, gaitegi, ikusmira anitzak finean. Aiaraldearrak danak. Gustuko zutabegilearen txandaren zain, irrika pizten da. Lotu egiten gara pertsonaiak hurrengoan zer ekarriko. Iritzigileen kontsumitzaile, arrazoi anitzek bihurtzen naute irakurle. Sarri, bat ez egiteak.
Daitort dakardan kasuan, ikusmira arras ezberdinekoak garela. Norberak bere betaurrekoekin dakusa errealitatea, noski, eta kasu honetan nabarmenak dira kristalaren koloreak. Horregatik ere gustuko dut. Interesgarriak gaiak, enkuadrea (zer ekarri barrura, zer kanporatu) eta hitzen aukeraketa.
1087 karaktereko azken pilulan, lehen paragrafoan jada kateatu naiz. Txora-txora eginda utzi nau hitz elkarketa batek. Horditurik, mozkorturik. Sentsibilitate instituzionalak. Nahi nuke gaiaz hitzegin, zutabeak anitz ideia aipagarri baitakartza. Baina ezin. Hor geratu naiz liluraturik. Sentsibilitate instituzionalak. Ergatibo ta guzti! Ohiartzuna ezin itzali. Sentsibilitate instituzionalak. Dastatu. Sentsibilitate ins...