Bosgarren Musika Astea bihar abiatuko da

Santa Cecilia Musika Bandak antolatuta, Urduñako 5. Musika Asteari hasiera emango zaio ostiral honetan. Azaroaren 19tik 28ra sei musika emanaldi izango dira: ipuin musikatua, txistulariak, dixie musika, herriko taldeen kontzertua eta musika bandak aukeran.

Santa Cecilia Musika Bandak antolatuta, Urduñako 5. Musika Asteari hasiera emango zaio ostiral honetan. Azaroaren 19tik 28ra sei musika emanaldi izango dira: ipuin musikatua, txistulariak, dixie musika, herriko taldeen kontzertua eta musika bandak aukeran.

Musikariek badute beren saindua: Xexili. Urduñako Musika Bandak izenean eta armarrian daraman berbera. Arpa-jotzen irudikatzen den andre honek badu eguna: azaroak 22. Nahikoa arrazoi ospakizunerako eta Musika Aste bat antolatzeko aitzakia ederra. Hala pentsatuko zuten, agian, antolatzaile diharduten St. Cecilia Bandakoek. Bost urte bete dituen ekitaldiak egitarau oparoa dakar.

Egitaraua

Asteari hasiera emateko, proposamen erakargarria: ipuina eta musika eskutik. Molto Vivace Brass Quintet metal boskoteak, ipuin kontalari bat lagun, “El caballero blanco” izeneko emankizuna eskainiko du. Hitzordua Santa Maria elizan, arratsaldeko zortzietan.

Leku berean, larunbatarekin, Bilboko Udal Txistu Bandako kideek kontzertua eskainiko dute 20:30etik aurrera. Garikoitz Mendizabalek taldearen zuzendaritza hartu zuenetik talde honek garapen nabarmena eta bide oparoa egin du. Taldearen biografia eta kontzertuan joko duten errepertorioa atxikita doakizue. Txistulari Banda hau bide diskografiko interesgarria egiten dabil, horren erakusgarri 2007an grabatutako Itsasora mezu bat kanta atxiki dugu, Pello Ramirezek sortua "Hala ere" diskorako. Larunbatekoa emanaldi berezia izango da Urduñako Klarin bandak ere aleren bat eskainiko baitu. Talde honek hiriko txistulari zenbait eta pistoirik gabeko tronpeta edo klarin soinutresnaren jotzaileak biltzen ditu.

Igandean, musika kalera irtengo da jazz doinu alaietan. Izan ere, Marmara dixie banda kalejiran arituko baita 13:00etatik aurrera. Emanaldia borobilduz kontzertua izango da, talde berberaren eskutik, Foru Plazan.

Bigarren txanpa

Hurrengo ostiralera arte Musika Asteak atseden hartuko du. Egun horretan hiriko Santa Cecilia Bandak Santa Maria elizan kontzertua emango du 20:00etan hasita.

Larunbatean, azken urteotako ohiturari jarraikiz, hiriko zenbait taldek emanaldia eskainiko dute leku berean. Bertan izango dira, besteak beste, Urduñako Banda, abesbatzak eta Fita Fik Euskal Soinutresna Eskolako musikariak. Arratseko zortzi eta erdietan hasiko da saioa.

Igandearekin amaiera emango zaio aurtengo edizioari Gasteizko Udal Bandaren emanaldiarekin Santa Maria elizan 12:30ean. Hilario Extremianaren zuzendaritzapean aritzen da Gasteizko taldea. Zuzendari horrek hainbatetan zuzendu du Urduñako Banda. Kontzertuan honako obrak joko dituzte: Teatro Montecarlo (A. Pérez Perello), Egun bat Vienan (F. V. Suppe), La Revoltosa (R. Chapi), Malagueña (E. Lecuona), Granada (A. Lara), Take the a train (B. Strayhorn) eta Sing sing sing (L. Prima). Talde horren inguruko informazio gehiago orrialde honetan duzue.

Kontzertu guztietan sarrera doakoa da. Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu dute Urduñako 5. Musika Astea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide