Pauso berria iragarri du Amurrioko alderdi jeltzaleak Zabaltzen egitasmoari dagokionez. Eragile eta elkarte ezberdinen iritziak bildu ondoren, herritarren aburuak jasotzeko nahia azaldu dute. Xedea “partehartzea eta hurrengo urteetako kuadeaketa definitzea”. Urriaren 22an, 27an eta 29an karpa bat paratuko dute kalean helburu honetarako.
Apirilean aurkeztu zuen EAJk “herri parte-hartzea tresna eta etorkizuneko Amurrio diseinatzea xede duen” Zabaltzen ekimena. Lehenengo fasean, herriko zenbait pertsona eta elkarterekin bildu dira “30 elkarrizketatik gora burutu ditugu, perfil askotariko pertsonekin”. Irailaren 22an elkarteekin batzartu ziren. Bigarren fase honetan, berriz, herritarren aburuak bildu nahi dituzte. Horretarako karpa bat paratuko dute urriaren 22an, 27an eta 29an. Urriaren 22an, ostirala, goizeko 10etatik ordu bat t´erdietara San Anton merkatuaren inguruetan izango dira. Arratsaldean, ostera, 5etatik 8etara GUK eskulturaren inguruan. Urriaren 27an, asteazkena, Kiroldegiko sarrerara lekualdatuko dira arratsaldeko 5etatik 8etara. Azkenik, urriaren 29an, ostirala, goizeko 10etatik ordu bat t´erdietara San Anton merkatuaren inguruan paratuko dute karpa.
Bost Arlo
Herriaren egungo egoerari buruzko iritziak eta etorkizunerako ideiak jasotzeko bost atalen inguruan galdekatuko dituzte karpa honetara hurbilduko direnak: hirigintza, ongizatea, garapen ekonomikoa, kultura eta kirola, eta ingurumena eta gune berdeak. Egitasmoari buruzko iradokizun eta zalantzak bideratzeko bi bide eskaintzen dituzte EAJko arduradunek: posta elektronikoa (amurriozabaltzen@gmail.com) eta telefonoa (656788012).