Azken hamahiru urteotan abuztuak 16 dantzariak lehian ikusteko eguna izan da Aiaraldean. Izan ere, Amurrion eta Laudion aurresku, fandango eta arin-arin lehiaketa antolatzen baitute Aiala dantza taldeak eta Fita Fik Elkarteak.
Erroke Deuna eguna dugu astelehenekoa eta jaiegun Amurrio zein Laudion. 45 urteko historia du Aiala Dantza Taldeak antolatzen duen Amurrioko Aurresku eta Fandango eta Arin-Arin Lehiaketak. Hitzordua 12:30etan Amurrioko Erroke Deuna zelaietan izango da, ohiturari jarraituz. Aurresku sailean banatuko diren sariak honakoak: lehen postua erdiesten duenak 150 euro, txapela eta oroigarria eramango ditu; bigarrenak, 120 euro eta oroigarria; azkenik, hirugarrenak, 90 euroko dirusaria eta oroigarria eskuratuko du. Fandango eta arin-arin sailean honakoak banatuko dituzte: lehen bikotearentzat 180euro, txapela, zapia eta oroigarria; bigarrenarentzat, 150euro eta oroigarria; hirugarrenarentzat, 120euro eta oroigarria. Saririk erdiesten ez duten dantzariek 40na euro jasoko dute dieta gisa.
Amurriokoa eredu hartuta Laudioko Aurresku eta Fandango eta Arin-arin Lehiaketa duela hamahiru urte jaio zen, Laudioko Danbolinteruak taldearen eskutik. Egun, Fita Fik elkarteak antolatzen du. Hitzordua arratsaldeko 6etan, Lamuza Parkeko eskenatoki nagusian. Ordu horretan aurreskulariak izango dira lehian. Sariei dagokionez, lehenengo sariak 190euro, txapela eta Fidel Largatxak eginiko eskulana darama; bigarrenak, 120 euro eta aipatu artisauaren lana; hirugarrenak, berriz, 60 euro. Zazpiak aldera, fandango eta arin-arin lehiaketaren ordua izango da. Sail honetan lehenengo bikote saridunak 225 euro, txapela, zapia eta Fidel Largatxak eginiko eskulan bana eramango ditu; bigarrenak, 160 euro eta eskulan bana; eta hirugarrenak, 100 euro. Saritu gabeko dantzari bakoitzak 40 euroko dieta izango du. Izena emateko aukera lehiaketa lekuan bertan izango da, bostetatik aurrera. Informazio gehiago fitafikelkartea@euskalerria.org helbidera joz.
Lehiaketa hauetan partehartzeko beharrezkoa da XIX.mendeko euskaldunen usadiozko jantzietan inspiraturiko janzkera eramatea. Fandangoa eta arin-arina bikotean dantzatu beharrekoak dira. Sail horretan fandangoa txistu banda batek jotzen du eta arin-arina trikitixa-pandero bikoak. Aurreskuari dagokionez, Uriko Aurreskua bezala ezagutzen dena dantzatuko dute lehiakideek, hots lau atalez osaturikoa: aurrez-aurrekoa, eskuz binakakoa, zortzikoa eta kontrapasa.