Apirilaren 22tik 25era Matias Landaburu ikastetxeko kiroldegiak ezohiko egunak izango ditu. Bideo-jokoak, 70 ordenagailu, internet, zenbait stand, hitzaldiak, tailerrak eta paparrean “galdetu niri” idatzia duten hamaika laguntzaile. Internet Eskolak Amurrio bisitatzen du.
Internet&Euskadi elkarteak, SPRI-k eta KZguneak antolatzen dute ekimen ibiltari hau Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Amurrioko Udala eta Euskaltel-ekin elkarlanean. Helburua internet herritarrengana hurbiltzea da. Inaugurazio ekitaldian “brecha teknologikoa” gainditzea zio duela ahoz-aho erabili zuten agintariek. Instituzio sustatzaile bakoitzeko ordezkari bana izan zen hizlari oholtzan, besteak beste udaleko alkate Pablo Isasi. Teknologia berriak bultzatu eta gazteak zein nagusiak internetera hurbiltzeko xedeaz mintzatu ziren. “Jolastuz, ikasiz eta gozatuz lau egun pasatzeko gonbita” luzatu zuten.
Eskenatokian irekiera ofiziala gauzatzen zen bitartean, ikastetxeetako gaztetxoak jada gunearen jabe ziren. Gozatzeko gonbita bere egina, buru belarri ari ziren bideo-joko eta ordenagailuetan saltzeatzen. Izan ere, eskura zuten 25 ordenagailuko gune berezitua, haur eta gazteentzako web orrialde interesagarriz hornituak. Bideo-jokoetan aritzeko hainbat kontsola, tartean wii tenisa eta Mario Kart izenekoak. Hiru dimentsiotako gidaritza simulagailua eta “gogoa irakurtzen duen” joko iradokitzailean ere aritu zitezkeen. Kanpoan, berriz, zain zuten Segway zirkuitua, bi gurpileko ibilgailu elektriko ekologikoak. Eskaintza osatuz, Bionbo antzerki taldearen sketchak eta tailerrak.
Nagusiagoentzat, aldiz, 35 ordenagailuko gunea nabigazio librerako eta stand gunea. Bertan Amurrioko Udala, Euskadi digital, KZgunea eta Internet&Euskadi daude ordezkaturik. Jarduerei dagokienez, dibulgazio hitzaldiak izango dira. Larunbatekoan Open Street Map hizpide izango da 13:00etan; hiru ordu lehenago kiroldegitik abiatuta herriko “mapeoa” iragartzen da. Egun berean, 19:00etan, gaia segurtasuna interneten izango da eta igandean, berriz, gizarte sareei buruz mintzatuko dira 12:30ean. Menua osatzeko irratiari buruzko tailerra eta Trivial lehiaketa www.ieskola.net atarian. Internet Eskola urtean hirutan antolatzen da erkidegoko beste hainbeste herritan.