Sandwich

   Gaurko egitekoak eginak, egunari amaiera ematen ari nintzaion, sukaldean, lasai-lasai sandwich goxo bat jaten. Dastatu ahala, patxadan, oroitzapenak etorri zaizkit; bulkada ezin sahiestu, ordenagailu aurrean nago orain, tripetatik idazten.


   Izeba Begoñak bai goxoak egiten zituela sandwichak, Bilbora lehenengo eta Irunera gero, bisita egiten genionean. Bere hiru seme alabak ere akorduan ditut, noski. Gazteenarekin jolasten nintzen batez ere, ni baino hiru urte nagusiagoa. Umezaroko oroitzapen eder asko.


Denborarekin, harremana urritu zen. Izeba aldi bakanetan ikusi dut. Azkenengoan egun pasa ederra egin genuen, planifikatu gabe sortzen den horietakoa, istorio eta sentipen ederrez betea. Aita da hartu eman sarriagoa mantentzen duena.


  Jolas-kide nuen lehengusinarekin ez naiz berriro elkartu. Bere berri izan dut. Badakit leku batzuetan  izan garela aldi berean, baina topo egin gabe. Agian ondoan izan eta ezagutu ez. Berarekin kontaktuan jartzeko aukerari ere ez diot heldu; dela lotsa, dela beldurra.


   Baina gaur, espero gabe, bere ahotsa entzun dut. Entzun eta ezagutu. Ez telefonoz deitu diodalako. Irratitik aditu dut, eta berehala ezagutu. Harritu nau horrenbeste urteren ostean bere ahotsa ezagutzeak, arrotz ez sentitzeak; kontrara, atzo bertan jolasean izan bagina legez.


  Sandra Barrenetxea du izena. Berria egunkariak jaso du luze eta zabal gaurko kronikan, bere ahotsa ere bertan da. Gertakizunak ezagutzen nituen. Gaur bere ahotsetik entzun ahal izan ditut. Eta miresmena sentitu dut. Miresmena bere adore, kemen eta duintasunagatik.

http://www.berria.eus/albisteak/132724/nola_usaintzen_zuen_ere_gogoratzen_dut.htm  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide