Maiz, gurpilek ez zuten behar bezala bira egiterik. Maizegi. Oztopoak edonon. Amore eman gabe bidea egin zuen hargatik. Bartzelonara rodalias zaharkitu batean egindako bidaia datorkit, kasu. Ezin ahaztu eskenatokira izandako igoera korapilatsuenak, edo entsegu lokaletako eskilara bihurrienak. Han izan ginen bai. Han zinen zu, Manu.
Txistu ikasle izan zintudan 10 urtez baino gehiagoz, inoiz sartzen utzi ez zintuen Musika Eskola horretan. Hor arantza. Baina zu, jotzeko gogoz beti, musika gosez beti. Kalejirak ere, zergatik ez? Lagun baten bultzada gozoarekin lehenengo, motor elektriko batekin gero. Animatzeko prest beti.
Hiru alabaren aita izan zinen eta bakardadea ere ezagutu zenuen.
Lagun on batek zioena moldatuz: batzuk hezitik begira daude, zuk lokatsetara egin zenuen salto. Barre eta negar. Bizitzarekin zikindu zinen, zalantzarik ez. Asmatuz eta erratuz.
Urtarrilaren 19ko kalejiran ez zenuen kale egin. Emanaldi ostean potea eta pintxoa hartu genuen denok elkarrekin. Hotza zen eguraldia eta zu ere hotz zinen. Apal zenbiltzan egun horretan. Berehala desenkusatu zinen etxera joateko. "Zaindu behar duzu Manu" esan nizun agurrean.
Hiru egunera heldu zen kolpea. Etxean, aulkian, hilik zen Manu. Hiletan izan ginen taldekideak, aldareko eskilaretan txistua eta danbolina, ausentzia presente eginez. Korapiloa eztarrian, zortziko bati inoiz atera genion soinurik sakonena atera genion. Agurra zen eta dantza ez zen falta izan. Xume, samur agurtu genuen.
Kultur etxeko entseguetara itzuli ginenean, Manu gurekin zen.
Manuren lorratsak doinu bat ekarri zidan aste horretan. Bertatik atera ziren mina, amorrua, tristura eta bukaeran halako bake printz bat. Txuri beltzera aldatu doinua, taldekideei eraman eta jo nien pieza. Batek berehala identifikatu zituen notak eta nire sentimentuak. Hor musikaren magia.
Doinua ikasi dugu taldean eta zain gaude kalera noiz itzuliko txistuak eskuan. Gure lehenengo kalejira izango da Manu gabe. Kioskoan elkartzerakoan norbait faltan dela sentituko dugu. Joko dugun lehenengoa Mendi izango da, berandu dabilen gure lagunari deituz.
Manuren indarra, ilusioa, distira apalduz joan zen urteekin, baina ez zion inoiz aldapa igotzeari utzi. Txistua jotzen ikusten zuen jendea ez zen agian jabetuko, baina Manuk, putz egin baino, txistutik arnasten zuen.
Gurekin beti.