Sexu heziketaren munduan iharduteak ematen dizkidan bizipen eta ikuspegiak gazi-goxoak dira askotan. Zenbat aurreiritzi eta mito jarraitzen duten barneratuta, adin guztietan. Batzuk “aintzineko mitoak” dirudite, beste batzuk, gaur egungoak. Zorionez, askotan ikusten da sexu heziketan esku-hartze zuzenak egiteak uzten dituen aztarnak eta nola honek norberak ezagutu, onartu eta adieraztea ahalbidetzen duen.
Oro har, sexualitate hitza baldintzatuta, murriztuta, kutsatuta eta zikinduta dagoela esatera ausartuko nintzateke, eremu askotan. Oraindik ere hitza entzun eta geure buruari filtro askorik ipini barik, burura datorkiguna gorputzarekin egiten duguna da, genitalekin, hain zuzen ere. Formakuntzak ematerakoan lehenengo helburua beti da sexualitateen ikuspegia zabaltzea. Sexualitatea denon ezaugarria da, denok garelako sexudunak. Giza kualitatea da, sexuan nolakoak garen adierazten duena. Eta orduan, sexua zer da? Berriro ere, sexua ez dira praktika erotikoak, baizik eta nor garen. Beraz, sexualitatea bakoitzaren bizipen eta biografiarekin lotuta egongo da, bakoitza den hori nola eraiki eta konfiguratzen dugun bizitza osoan zehar, alegia, modu bakar eta errepikaezinean. Sexualitatea identitateak, orientazioak, adierazpenak, gorputzak, plazerrak, desirak, intimitatea etab. bere baitan hartzen dituen kualitatea dela jakinda, argi dago pertsonen garapenean ezinbestekoa dela sexu heziketa. Isiltasuna ez da txerto bat, eta ezinezkoa da sexu heziketarik ez egitea, isitasunekin ere heziketa egiten baita.
Zenbat hazten garen sexualitatea zer den jakiterakoan, ikuspegia zabaltzerakoan, garenaren eremuan kokatzerakoan, pluraltasuna ikustaraztean, ukaezinak diren ezberdintasunak erdigunean ipintzerakoan eta ezberdintasunetik abiatuta eskubide berdinak aldarrikatzerakoan. Zeharkatzen gaituen eremua izanda, hezkuntza sisteman txertatuta egon beharko litzateke sexu heziketa, enborreko irakasgai gisa. Akademikoki ezagupen asko izan ditzakegu, baina zer egingo dugu gure artean ez badakigu harremantzen? Zelan ipiniko dugu kolokan aurkitzen dugun eta aurkitzen gaituen informazioa, bestelako aukera eta ereduak ez baditugu bermatzen? Denok eragile eta gizartearen parte garen heinean, borroka dezagun kalitatezko sexu heziketa izateko!