Aiaraldeak, %15,7 langabezi tasarekin, Arabako eskualdeen artean, tasarik altuena du. Kuadrillako udalerri guztiek, Aiara Herrik izan ezik (%11,3) herrialdeko bataz bestekoa gainditzen dute (%13,6). Artziniega lehen postuan dago (%16,37) eta atzetik Okondo (%16,26), Laudio (%16,14) eta Amurrio (%15,76) daude.
Baina errenta erabilgarriari eutsi dio nahiz eta emakume eta gizonen artean desoreka ugari izan. Horietako gai batzuk jorratuko dira bihar Artziniegan egingo den Araba Biziberritu dinamikaren lehen saioan. Arratsaldeko 19.00etatik aurrera izango da Museo Etnografikoan. EH Bilduk hilabete batzuk eman ditu Araba Biziberritu dinamika lantzen, tokiko garapena eta lurralde orekari buruzko hausnarketa eta eztabaida prozesua. EH
Bilduren ustez, Araban hiru desoreka handi ematen dira: demografikoa, sozioekonomikoa eta zerbitzuena. Soluzioak eskualde bakoitzeko herritarrek aztertu eta eztabaidatu behar dituztela defendatzen du.
EH Bilduk dituen azterketen arabera, Aiaraldeak ehun industrial propioa izan arren, Bilbo Handiaren menpekotasun handia du. Horrez gain, populazioa galdu du (% 0.20) baina erabilera iraunkorra duen etxebizitza parke sendoa du. Hala ere, joera kezkagarriak antzeman dira, besteak beste, populazioaren zahartze maila handia, gazteen urritasuna eta bete arabarrak erakartzeko gaitasun txikia.
Horrez gain, nekazaritzarako azalera eremua gutxitu dela ondorioztatu daiteke eta berrikuntzan eta garapenean gastu apala. Kohesio soziala dagokionez, euskaldunen presentzia aipatzekoa da, batez ere, euskaldun berriena eta ez-aktibotasun egoeraren feminizazio maila handia.