Erraz azaltze aldera, udal batek 3 tresna nagusi ditu erabakiak hartu ahal izateko, eta hauen garrantziaren arabera, bata edo bestea aukeratzen du. Honela, gai "txikiak" Alkatetzaren dekretu bidez onartzen dira, hau da, Alkatea bera da erabakitzeko ahalmena duena.
Gai "ertainak" Tokiko Gobernu Batzordean jorratzen dira. Organo hau hainbat zinegotziz osatuta dago (Amurrioko kasuan 7 dira), eta bozketa bidezko erabakiak hartzen dira.
Eta azkenik, gai garrantzitsuenetarako, Udalbatza dago. Jakina denez, zinegotzi guztiek osatutzen dute eta bertan, aurrekontuak, planak, mota guztietako ordenantzak, zergak eta abar eztabaidatu eta bozkatzen dira.
Udalbatzak edo Osoko Bilkurak, Amurrioko Udalean, hilean behin egiten dira, Abuztuan eta Abenduan izan ezik (gobernu taldeak baliogabetzat jotzen ditu eta); hau da, urtean 10 osoko bilkura, besteak beste 28 milioi eurotik gorako aurrekontua eta 100 langiletik gorako plantila kudeatzeko.
Legegintzaldi honetan, PSEk eta EAJk, urteetan lehen aldiz, EH Bildu Tokiko Gobernu Batzarretik (gai "ertainak") kanpo utzi du. Beraz, soilik Udalbatzan dugu “botoa” erabiltzeko aukera, eta hori, ez dagoelako legez, zinegotzirik baztertzeko aukerarik.
Gauzak horrela, pentsa liteke Osoko Bilkurak luzeak direla, eta talde bakoitzak bere jarrera azalduostean eztabaida sutsuak eta bozketetan amaitzen diren hainbat gairi buruz eztabaidatzen dela bertan.
Baina,... bai zera! Legegintzaldia hasi zenetik, 20 minutu baino gutxiagoko Osoko Bilkurak ohiko bihurtu dira gurean. 2023ko Urrian esaterako, EH Bilduk egindako galde-eskeek Osoko Bilkurak berak baino gehiago iraun zuten. Berdin 2024ko Otsailean eta Uztailekoetan. Baina, Maiatzeko Osoko Bilkura izan zen errekor guztiak txikitu zituena 2 minutu eta 10 segundoko iraupenarekin.
Udalbatzetako eduki falta hau azaltzeko bi arrazoi baino ez zaigu bururatzen. Lehenengoa da, Amurrio bezalako 10.000 biztanleko udalerri batean erabakitzeko gai garrantzitsurik ez dagoela uste izatea (nahiz eta, etxebizitza, hizkuntza-politika, trantsizio energetikoa, eta beste hainbeste puri-purian egon), eta bigarrena, azken udal-hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa aukeratu zuten 1.847 amurriotarren ahotsa eta gogoa zokoratu nahi izatea. Biek dute larritik. Zein baino zen mingarriago eta iraingarriago.
Osteguneko Osoko Bilkura, azaroak 31ko hau, bide beretik joan da. Laburra. Oso. Hemeretzi minutu besterik ez du iraun.
Horrexegatik, igorri zitzaigun gai ordena ikusita, Amurrioko EH Bildutik, protesta gisa, gaurko “antzespenera” bi lagun baino ez ginela joango erabaki genuen: Nekane Martinez Ormaetxea, liberatu gisa dietarik kobratzen ez duena (gogoratu behar da gainontzeko zinegotzion dieta 300 eurokoa dela iraupena edozein dela ere) eta ni neu, bozeramaile gisa. Gure ustez gauzak egiteko beste modu bat dagoela aldarrikatzeko.