Laudioko Hiltegia ixteko Udal Gobernuak hartu duen aldebakarreko erabakia gogor kritikatu du EH BILDUk. EAEko Udal jabetzako hiltegi publiko bakarra da Laudiokoa, 11 familia sustengatzen ditu zuzeneko enpleguen bitartez eta eskaintzen duen zerbitzu publikoaren erabiltzaileak 350 familia baserritar dira. Azken hauek, Laudioko hiltegia itxiko balitz, Miranda edo Gipuzkoara garraiatu beharko lituzkete euren abereak.
EH BILDUk gogorarazi nahi izan du Udaletxea aurreko legealditik ari dela, hiltegiaren jardueraren ondorioz, errekara egin diren isurketa larriak behin betiko desagertarazteko lanean eta kudeaketa horren ondorio dela, arazoa konpontzeko lanak egiteko, Udalak duela gutxi onartu duen aurrekontu partida.
Zentzu honetan, Laudioko Udaleko EH BILDUren bozeramalea den Lamia Arcasen esanetan, “Udal Hiltegia ixteko erabakia bertan behera utzi eta arazoari irtenbide egoki bat emateko URA eta zuzenean kaltetutako pertsona eta eragileekin zentzuzko akordio bat lortzea eskatzen diogu Laudioko Udal Gobernuari”. Eta, horrez gain, “Espero dugu Udal Gobernuaren erabaki honen helburua ez izatea zerbitzu publiko hau betiko itxi edo bere kudeaketa pribatizatzea”