Berehalako itxiera baten ondoren (azalpenak eman behar izan zituztenean aldi baterakotzat definitu zuten), EHBildu oposizioko talde nagusiaren berehalako erreakzioak, eta Laudio, Aiaraldea eta Goi Nerbioiko ekoizle, erabiltzaile eta bezerorenak, behartu zioten EAJ-PNVri ahalik eta irtenbide azkarrena bilatzea hiltegiko zerbitzua mantentzeko.
Orain erabaki hura propaganda alderdikoi bihurtu dute. Ez dugu salatzen komunikabideetan hori egitea. Salatzen duguna da zerbitzu eta bitarteko publikoen aprobetxamendu alderdikoia. Erabilera hori ohiko bihurtu dute, eta baliabide publiko den ZUIN goiburua alda liteke haien siglak gehituta.
ZUINen argitaratutako hiltegiaren irekierari buruzko albisteak udal gobernua goraipatzen du, berriz irekitzeko emandako hitza betetzeagatik; eta "Eusko Jaurlaritzaren aldetik gai honetan erakundeen artean jaso dugun babesa" ere goraipatzen du. Aiaraldea.eus-eko "Komunitatea" ataleko "Laudioko udala" orrialdean, zeinaren edukietan komunikabideak ez du esku hartzen, gauza bera egiten dute. Baina "Laudioko udala" ez dira EAJ-PNV eta PSE-PSOE soilik.
Hiltegiaren itxiera gertatu zenerako bideratuta zeuden isurketen arazoa konpontzeko lanak: aztertuta zegoen arazoa; aste gutxiren buruan martxan egoteko behin-behineko irtenbidea zehaztuta; behin betiko konponbidea ere aztertuta zegoen; itxi baino egun batzuk lehenago erabaki zen beharrezko gastua … Eta konponbidea bideratuta zegoenean, erakunde batzuk lerrokatu ziren hiltegia ixteko.
URA, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Laudioko Udal Gobernua izan ziren ekimen horretan parte hartu zuten hiru erakundeak (hirurak EAJ-PNVk edota PSE-PSOEk zuzenduta). Kasualitatea? Emandako hitza orain laudatzeko baino ez zuten egin?