Azaroaren 25a, “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela eta, Laudioko Eh Bilduk, bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak, indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Lehentasunezko konpromiso politikoa berresten dugu indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan.
Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik 3 emakume erail dituzte. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela.
Hedabideak, publizitatea, telebista, hezkuntza eredua, emakumeen errepresentazio justuaren falta eremu guztietan, emakumeak gutxiesten dituen orden sozialaren parte dira. Orden hori soziala, kulturala, ekonomikoa eta sinbolikoa da, bizitzaren arlo guztiak blaitzen ditu, publikoak nahiz pribatuak.
Zentsu horretan, Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela. Azkeneko urteetan, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak, aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela bisibilizatzeko; eta beste horrenbestek aldarrikatu dute sistema judiziala patriarkala dela eta emakumeak babestu beharrean ardura haien bizkar uzten ari dela esan dutenak, erasotzaileak justifikatuz.
Horregatik, Laudioko Eh Bilduk sendo adierazi nahi du Euskal Herri feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena egingo duela, eta gure agendan lehentasunezko gaia izan behar dela. Berdintasun formaletik errealera igarotzeko neurriak hartu behar ditugu. Horretarako, feminismoa ezaugarritu eta aldarrikatu beharra daukagu, zuriketa morea alde batera utziz.
GORA BORROKA FEMINISTA!!!