EH Bilduk bere zuzenketak aurkeztu dizkio Laudioko udal aurrekontuen zirriborroari eta, guztira, 2 milioi euroko proposamenak egin ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira kirol instalazioen konponketa eta hobekuntzetarako planteatzen diren 560.000 euroak. Multzo horretan sartzen dira esku-baloi zelaiaren zolua, tenis pista, San Martin, Udako piszinetako taberna eta ingurua, Kiroldegia eta Errokodromo hitzarmenerako. Bitartean, zinegotzientzako Gabonetako paketea gastuetatik ezabatzea proposatu du.
Horrez gain, herri antolaketa arloan egindako proposamenak aipatu behar dira: 180.00 euro suhiltzaileen ondoko parkea estaltzeko eta beste 120.000 euro umeen parke bat estaltzeko. Horrez gain, 120.000 euro udal hiltegirako gordetzea planteatzen du EH Bilduk. Arlo berdinean, amiantoa ezabatzeko 3. Faserako 18.150 euro zuzentzea proposatu du eta beste 60.000 euro Españica etxea botatzeko, beste 6.000 trafikoa berrantolatzeko eta herriko kale batzuk (120.000) zein nekazal bideak konpontzeko (60.000).
Berdintasuna eta ongizaterako arloan Karmen kaleko Nagusien etxea atontzeko 90.000ko zuzenketa egin du EH Bilduk, Emakumearen etxearen proiekturako 60.000ko zuzenketa eta Gizonentzako berdintasun formakuntzarako 10.000 diru-partida bat. Bestalde, Gazteleku-Haurtzaindegia Etxebarri baserrian kokatzeko 40.000 euro gordetzea proposatu du eta Enplegu programetarako beste 300.000 euro.
Euskaraldiarako 50.000 eta Memoria historiko arloan laudioarrak Erorien aranean dauden ikertzeko 5.000 euro zuzentzea jaso du bere proposamenean. Azkenik, jarraian dauden proposamenak egin ditu: Udalbiltza (23.000), Tokiko komunikabideak (60.000), Nafarroan uztaileko uholdeetan kaltetutako herriekin hitzarmena (18.000). Aretako kultur etxea atontzeko ( 60.000) eta Liburutegia egokitzeko Zubikoko partida erabili( 62.000).
Tramitazioan beste atzerapen bat
Bestalde, eta aurrekontuen tramitazioari dagokionez, beste atzerapen bat emango dela ohartarazi du EH Bilduk. Izan ere, Udal gobernu Taldeak hasiera batean 2020ko aurrekontuak atzoko osoko bilkuran onartzea espero bazuten ere, ez-ohiko osoko bilkura iragarri zuten abenduaren 2rako, baina egun horretan ez da izango. EAJren udal gobernu taldeak aurrekontuak aurkeztu zituenean bere helburua 2020ko aurrekontuak urtarrilaren 1ean indarrean sartzea zela esan bazuen ere, une honetan zalantzan izan daiteke.