Laudio. 2019-12-05. Udal Jokabide Kodea onartu den egun berean, EH Bilduk salatu du PNVk bere Facebookeko orrialdean argitaratutako aurrekontuen onarpenari buruzko berria udalaren komunikabide ezberdinetan ere argitaratu izana.
EH Bilduk zenbait batzordetan salatu duenez, Udal gobernu taldea erabilera alderdikoia egiten ari da ZUIN aldizkariarekin: “Komunikazioan jarrera lotsagarri izaten ari da udal gobernu hau; ZUIN bera, udal aldizkaria, EAJren orri informatiboa bihurtzen ari da, bertan oposizioa eta aurreko gobernu taldea kritikatu dituztela”.
Santi Hernandok adierazi duenez “EAJren Facebookeko orrialdean, aurrekontuen onarpenari buruzko berria argitaratu eta gero, berri berbera agertu da udalaren webgune zein udalaren komunikabide ezberdinetan. Kontuan izanda egun berean Laudioko udaletxeko Jokabide Kodea onartu dela, larritzat jotzen dugu, eta gutxi balitz, aurrekontuak onartu diren egun berean banatu da Zuin aldizkaria, berria jasota. Noiz idatzita?”.
“Ez dakigu PSEko zinegotziek zer esango duten, baina EH Bildurentzat komunikazio arduradun politikoak bere dimisioa aurkeztu behar du berehala, eta udalak ikerketa batzordea martxan jarri behar du ardura gehiago argitzeko”. Eta jarraitu du esanez, “hau horrela ez bada, EH Bilduk hurrengo osoko bilkuran mozio baten bidez dimisioa eta ikerketa batzordea eskatuko du”.