U30eko greba orokorra

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Laudio 2020ko urt. 29a, 09:42

Prentsa oharra. EH Bilduk bere egin ditu U30eko greba orokorrean aldarrikatzen diren eskakizunak. Greba babesteko mozio bat aurkeztu eta Laudioko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu zen.

Laudio. 2020-01-29. EH Bilduk bat egin zuen Euskal Herriko Karta Sozialak adostu duen aldarrikapen taularekin. Greba deitzaileen eskaerak, momentua eta beharra defendatu zituen urtarrilaren 27ko Osoko Bilkuran, eta agerian geratzen den mobilizazio sozial indartsua goraipatu. EAJ-PNV eta PSE-PSOE kontra bozkatu zuten eta mozioa ez zen aurrera atera.

EH Bilduk mahaigaineratu zituen gure gizartean askok eta askok pairatzen dituzten pobrezia, lan-prekarizazioa eta gizarte-prekarizazioa. Dena hori gutxitu beharrean handitu egiten da. Egoera larri honi aurre egiteko, bestelako pentsioak, bestelako enplegu politikak eta bestelako politika eta gastu soziala behar ditugu. Horretarako egiten da babesten dugun greba.

Aberastasunaren banaketari buruzko datuek marrazten dute egoera. 2008 eta 2018 bitartean benetako pobrezia %2 hazi da erkidegoan, eta benetako ongizate-falta %4. BPGa, berriz, %8 igo da. Ikusten denez, aberastasuna banatu egiten da, baina egin beharko litzatekeenaren kontrako norabidean.

EAJ-PNVk eta PSE-PSOEk gutxiesten dituzte beren politiken aurka jartzen diren guztiak, edo haiek eroso mugitzen diren eredua aldatu nahi duten guztiak. Eta gaurko egoera eragin duten politika berberak izan ziren proposatu zituzten irtenbideak: oso ezaguna dugun gezurrezko elkarrizketa soziala −jaunaren, maiordomoaren eta zerbitzarien artekoa−, eta Espainiako gobernu berriak proposatutako “gizarte ekintzak”. Zenbat itxaron behar dugu? Ezin dugu ahaztu behar gobernu horretako bazkide nagusiak 1982tik egin dituen promesa asko eta asko  urratu dituela.

EH Bilduk oso argi dauka burujabetza behar dugula bestelako politika ekonomiko eta sozialak egiteko, bizitza duina bermatzeko. Eta U30eko greba bide horretatik doa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide