EH Bilduk ziurtatu du "ez direla nahikoak" Laudioko alkateak Montain Taldearekin egindako kontratazioen inguruan emandako azalpenak. Era berean, iragarri du kontratazio prozesuetan gardentasuna eta baliabide publikoen kudeaketa egokia bermatzeko ekimenak bultzatuko dituela. Legealdia hasi zenetik, hau da, EAJ gobernuan dagoenetik urte erdi eskas igaro da, eta zazpi izan dira Montai, Denok Komunikazioa eta Estali La Karpari "behatzez" esleitutako kontratuak. Laudioko Udalak 36.855,39 euro ordaindu dizkio Montai taldeari urte erdi eskasean, jakinda kontratu txikiek ezin dutela gainditu hornitzaile bakoitzeko 15.000 euro gehi BEZa. Kasu batzuetan, faktura horiek bitan banatu dira lizitazio publikoaren logika saihesteko.
"Gertakari horien larritasuna salatu nahi dugu; izan ere, legezko kontratazio-mekanismo bat erabili nahi da kontzienteki, bere alderdiko enpresaburu bati onura ekonomikoa emateko helburu bakarrarekin, diru publikoaren kontura, hemen bizi garen pertsona guztien kontura. Klientelismoan eta lagunartean oinarritutako kudeaketaren adibide argia ", esan du Lamia Arcas EH Bilduren Laudioko Udaleko bozeramaileak.
Laudio ez da kasu isolatu bat, baizik eta EAJren eta egungo Laudio Añibarroko alkatearen ohiko kudeaketaren beste pieza bat. EH Bilduk salatu duenez, EAJrekin lotutako talde honek 36.855,39 euro poltsikoratu ditu urte erdi eskasean Laudioko alkate Añibarrorekin eta beste 361.913 euro bi urtetan Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari Añibarrorekin ia denbora horretan guztian.
Hori gutxi balitz, gogoratu behar da gobernu taldearen lehen erabakietako bat, Añibarro buru zuela, Aldai Plazako udal jabetzako karpa kentzea izan zela. Orain muntatuta dago inguruko industrialde batean. EH Bildu Laudiok hainbat aldiz eta osoko bilkuretan eskatu ditu karpa horretako mugimenduen txostenak eta kronologiak. Erantzunak aldiz, ez dira ez berehalakoak ez argiak izan.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk PSE-PSOE eta Omnia alderdiekin elkarrizketak hasiko dituela iragarri du, gure Udalaren baliabide publikoen kudeaketan benetako gardentasuna eta eraginkortasuna bermatuko duen ekimen bat elkarrekin hartzen saiatzeko.