BARKAMENA NORI?

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Laudio 2020ko ots. 17a, 09:33

San Roke Jaunaren Anaidiako Batzordearen izenean barkamena eskatzen da Juan Ibarrola Orueta-ren biografiaren aurkezpenean Kepa Barañanok esandakoagatik. Hau da EH Bildu Laudiok duen iritzia.

Kepa gure kultura galtzeaz, inperialismoaz, gudu hitzaren esanahiaz, Afrikako gerrez aritu zen Ibarrolaren liburuaren hitzartzean. Gogora ekarri zigun Laudion bizi diren sahararrak (Espainiak abandonatutako kolonia eta Marokok okupatutako lurraldeak eragin du euren egoera). Hauteslekuan gertatutakoaren berri eman digu eta bertan Juan Ibarrolak herritarren aurka ez oldartzeagatik  altxamendu delitua leporatu zitzaion. Gaur eguneko egoerarekin alderatuta, Catalunyan 2017ko urriaren 1ean jazotakoa azaltzen digu, eta horri esker altxamendu eta albaramendu delituak ezagun egin dira gure artean. Herriari hitza emateak espetxea eta erbestealdi dakarrela ikusi dugu.

Halaber, gogorarazten digu Ibarrolari eta Arana-Goiri batailoiari esker oraindik gure herriko zenbait eraikinek zutik dirautela. Ibarrolak errepublikarekiko zein bere ideiekiko leial jokatu zuen. Euskaldun guztiok adiskidetzeko memoriaz aritu zen, eta Ibarrolak seguruen bat egingo zuen asmo honekin, kristau-humanismoa oinarri baitzuen.

Baina hori ez duten entzun nahi ere, irabazle eta galtzaileen kontakizuna ezarri nahi dutenek, galtzaileak diktaduraren aurka aritu zirenak izanik eta irabazleak, frankismoaren ideiak babesten dituztenak.

Horregatik, esaten zaigunean hitzartzeak ez duela bat egiten Ibarrolaren printzipio eta balioekin, gure desadostasun osoa argi utzi nahi dugu. Gure ustez, Kepak ondo islatu du “izan zirelako gara eta garelako izango dira” euskarazko esaera. Gure Lurrak, Euskal Herriak, Ibarrolaren sasoian izandako bilakaera gogora ekarri digu eta bizi izandako zenbait une latz ere zehaztasunez azaldu ditu: Durangoko eta Otxandioko bonbardaketak, Guardia Zibilaren sarraskia Arnedon, espainiar kolonialismoa…

Hori dela eta, Laudioko EHBildun atsekabe handiz hartu dugu Keparen hitzartzea mitintzat jotzea eta bere hitzartzea horrela gutxiestea.

Baten bat ekitalditik alde egin zutenekin hurbilago sentituko da eta Keparen kontakizuna ez dute begi onez ikusiko. Baina Kepak gogora ekarri zigun ahotsik gabekoen kontakizuna, urte luzez baztertuak izan direnen egia.

Mitin hitzak hitzartze politikoa adierazi nahi du, ez dezagun ahaztu “politika ideologiaren bidezko ekintza dugula, talde batek erabakiak har ditzan zenbait helburu lortzeko asmotan”. Horrexegatik, Keparen hitzartzea baloratzen duen ohar horretan, neutraltasun faltsuan oinarritutako asmo politikoa dagoela uste dugu.

Behin baino gehiagotan herri honetako sensibilidade politiko baten kontra iritzi politikoak bota dituzten horiek (Kofradiaren aldizkariaren zenbait editorial irakurri besterik ez dago, Kofradiako ordezkariaren San Roke eguneko diskurtsoa…) ez lukete Laudioko oroimen historikoan lagundu duen laudioarra zentsuratu beharko. Laudioko kofradiaren aniztasun politikoa ez dugu zalantzan jartzen, baina ordezkari batzuek euren interes politikoetarako erabiltzen dute elkarte hau.

Halaber, oroimen historikoa berreskuratzeko lan egin duten pertsonen lana txalotu eta eskertu nahi dugu. Horregatik ere, mingarria egiten zaigu batzuek pertsona hauen lana euren interes politikoetarako erabiltzea.

EHBildutik lanean jarraituko dugu herri gisa dagozkigun eskubideak bidera eta onar daitezen eta Kepak hitzartzean aipatu bezala: “Gure lurraldea menperatua izango zen, Euskal Herriaren arima ez. Eta ez da inoiz izango”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide