Laudio. 2019-02-24. Laudiok lan-istripu larriei erantzuteko protokolo instituzionala izango du, EH Bilduk eskatuta. Horrela jasota geratzen da udal talde guztiek erregistratu duten mozio batean. Gaur eztabaidatuko da udalbatzan azken istripu larriaren ostean EH Bilduk aurkeztu duen ekimena.
Izan ere, azken zazpi hilabetean, herriko hiru laudioar hil dira lanean ari zirela. "Etxera bizirik itzultzeko eskubidea defendatzen dugu, eta inplikatutako eragile guztiei eskatzen diegu hori bermatzeko beharrezko neurriak har ditzatela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako zerbait testuan jasota geratzea, lana eta hau eramateko denbora soldataren truke ematen delako, ez bizitza edo osasunaren truke”, nabarmendu du Jose Mari Gutierrez EH Bilduko zinegotziak.
Erantzuteko protokolo bat lantzeaz gain, mozio bateratuak lan-osasunari eta laneko segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzeko beharra jasotzen du, baita segurtasun-arauak betetzea lanean lehentasuna izan dadin zaintzea ere, produktibitatearen gainetik. Era berean, erakunde guztiei dei egiten diete lan-arriskuen prebentzioko jardunbide egokiei buruzko proiektuak egin ditzaten -lan-administrazioarekin, sindikatuekin eta patronalekin koordinatuta- baita laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituen kontra aritzeko eta ikuskaritza-zereginak areagotu eta hobetzeko ere.