Laudio 20/03/30. EH Bildu Laudiok deitoratu egin du gaurko deitutako osoko bilkurak koronabirusak eragin duen krisi soziosanitarioari ez erantzutea eta bere ordez, premiazkoak ez diren beste gai batzuk eztabaidatuko dira. Horrela azaldu du Santi Hernando zinegotziak. “Momentu honetan COVID 19aren krisiak sortutako eta etorkizunean sortuko dituen ondorio kaltegarriei aurre egiteko neurri eraginkorrenak zeintzuk diren eztabaidatu eta martxan jartzea da herritarrek gugandik, udal jardueratik, espero dutena eta, hori egiteko, beharrezkoa da alderdi guztiak parte hartuko dugun organo ofizial berezitu bat izatea eta ohiko Osoko Bilkuretan ere gaia jorratzea””.
EH Bilduren ustez, gaurko osoko bilkuraren gai ordenan dauden hainbat gai ez dira premiazkoak eta ez dute krisi sozio-sanitarioarekin inolako zerikusirik. “Orain bi hilabete eskas indarrean sartu den 2020ko aurrekontuari ia 4.000.000€ko diru kantitatea handitzea, bizi dugun egungo egoera larrian ez du ez hanka ez bururik. Gainera, pasa den asteleheneko batzordera gai ordenatik kanpo sartu ziren gaurko bilkurarako gaiak, beharrezkoak diren txostenik gabe. Gaizki eta presaka jardun da, ederto adierazten du honek zein den EAJ-PSOE gobernu taldearen borondatea eta lehentasuna”, gaineratu du Santi Hernandok.
Arratsaldeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko diren bi gaiei dagokienez, EH Bilduk aurreratu du koherentziaz eta arduraz jardungo dutela, egungo egoera presente izanez eta laudioar guztien hobe beharrez.