Laudio. 2019-04-02. COVID 19k eragindako krisi sozio-sanitarioa hasi zenetik, EH Bildu Laudiok behin eta berriz eskatu du krisi mahai bat sortzea talde politiko guztien artean hartutako neurrien balorazioa egiteko eta proposamenak egiteko, elkarlanean aritzeko, alegia. Orain arte, Laudioko Alkateak entzungor egin du, baina gaur behingoz bozeramaile batzordea bilduko da gaia jorratzeko. Bilkura horri begira, EH Bilduk 11 neurri aurkeztu ditu batez ere arlo sozialean, zerga politikan eta garapen ekonomikoan eragina izango dutenak.
EH Bilduko bozeramailea Lamia Arcasek gogoratu duenez, “krisi honetatik ateratzera ahalik eta azkarren eta ahalik eta hobekien guztion ardura da”. Hori dela eta, eragileekin harremanetan egon ostean, EH Bilduk modu eraikitzailean egin du proposamena.
Lehenik eta behin, gizarte zerbitzuei dagokienez, talde soberanistak planteatzen du adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak laguntzeko sortu den herritarren sarearekin elkarlana sustatzea. Horrez gain, EH Bilduren ustez, bakarrik edo arrisku egoeran egon daitezkeen herritarrak identifikatzeko bideak erraztu behar dira, bai telefono bat eskainiz, bai zuzeneko jarraipena eginez udal zerbitzuetatik. Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta berezia jartzea eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten familiei diru ekarpena aurreratzea ere eskatu du EH Bilduk.
Bestalde, etxeko langileei zaintza eta babesa berezia eskaintzea ezinbestekoa jotzen du EH Bildu Laudiok, askok lana galdu dutelako eta beste askok lan-baldintzak zein osasun-baldintzak bermatuta ez dituztelako. Era berean, gizarte zerbitzuetako langileei ostatu seguruak eskaintzeko errolda bat egitea eskatuko du EH Bilduk, baita behar duten umeei etxetik ikasteko baliabideak eskaini eta Udaletik eskaintzen ziren ikastaroak on line egiteko aukerak aztertu.
Polizia eredua: gertukoa
Hainbat lekutan sortu diren arazoak ikusita, EH Bildu Laudiok azpimarratu du polizia “gertukoa” izan behar dela, eta isun eta identifikazio lanak egiteaz gain, “komunitatea eraikitzen lagunduko duen jarrera zibiko eta arduratsua “ izan behar duela. Ildo horretan, “jarrera pedagogikoa” egitea eskatu du EH Bilduk.
Zerga politikari dagokionez, EH Bilduk egutegi fiskala aldatzea eta autonomo, dendari, baserritar eta ostalariei, besteak beste, zerga eta tasen ordainketan erraztasunak jartzea eta hobariak ezartzea planteatuko du EH Bilduk arratsaldeko bilkuran.
Azkenik, garapen ekonomikoaren arloan, tokiko ekoizleak babesteko asmoz, ostegunetako eta bigarren larunbatetako salmenta guneak mantentzea proposatu du EH Bildu Laudiok. “Horretarako baliabideak eskaini behar dira, erosleei nahiz ekoizleei eragingo dien segurtasun neurri berezien protokolo bat jarraituta eta salmenta egungo errealitatera egokituta. Distantziak mantendu ahal izateko, Aldai plazako aterpea erabil daiteke. Horrela posible ez balitz, beste aukera batzuk eskaini: banaketa sareak koordinatuz, ordutegi baten barruan udalak lokal bat utzi baserritarrek euren eskaerak bezeroei eman ahal izateko, etab”, azaldu du Arcasek.
Enplegu arloan, EH Bilduk eskatuko du langileen osasuna zaintzeko segurtasun protokoloak betetzen direla kontrolatzea, telelana errazteko neurriak hartzea eta azpikontratatuta dauden zerbitzuetan kontratuak mantentzea. Horrela, langileengan inolako eragin txarrik ez izatea bermatuko da.