1.- Zelan daramazue udaletxeko lana eta konfinamendua?
Egoera berezi baten aurrean gaudela ezin du inork ukatu; inoiz bizi izan dugun egoera da. Orain arte, udaletxeko lana aurrera eramateko oztopoak topatu izan baditugu, ba orain, imajina ezazue! Askotan salatu dugu udal gobernuaren gardentasun falta, eta udaletxeko komunikabideen bitartez, berriak jakin izana. Martxoaren 15ean, hasi zen konfinamendua, eta horrekin batera, etorri da gobernu taldetik inprobisazioa, kontraesanak eta koordinaketa aldaketa. Batzorde batzuen deialdia eginda zegoen, hain zuzen ere, Gizarte Garapen arlokoa, Kultura Garapen arlokoa, eta Tokiko Gobernu Batzordekoa,eta batzuk bertan behera geratu ziren bitartean, beste bat, adibidez, ospatu egin zen. Inkluso, gobernu taldeak bertan behera uzteko asmoa zuen astero egiten den Tokiko Gobernu Batzordea, eta azkenean, gure eskaeraren ondorioz, telematikoki egiteko aukera planteatu zuten. Hasiera hasieratik, krisi mahaian egoteko eskatu genuen, eta erantzuna ezezkoa izan zen. Tira, behintzat, bozeramaileen batzordearen bitartez, lortu dugu parte hartzea egoera honi aurre egiteko foroan. Laburbilduz, hasierako sentsazioa izan da inprobisazio hutsarena eta tantaka informazioa jaso izanarena.
2.-Zuen ustez, nola eragingo du osasun-krisiak Laudioko kultura-, gizarte- eta kirol-jardueran?
Espero dezagun eragin handirik ez izatea, horrela, egoera hau guztia amaitzen denean, gogotsu eta indartsu egongo gara gozatzen jarraitzeko elkarte-mugimenduaren lan hain garrantzitsuaz eta ezinbestekoaz.
Egoera honen aurrean, beste behin ere, eredugarria izaten ari da elkarte-mugimendua. Esate baterako, Kirikiñok hainbat ekimen argitaratzen ditu konfinazioa familian eramangarriagoa egiteko, Sugarrak elkarteak pintura lehiaketa bat antolatu du, Herriaren Pilota Elkarteak herriaren-birusa sortu du, sare sozialetan animozko mezuak bidaliz. EH Bilduk hainbat proposamen egin zituen covid 19 delakoak eragindako egoeraren aurrean. Hain zuzen ere, horietako bat zen udalak Kultura Etxeko tailerrak, kiroldegiko ikastaroak edo bestelako aisialdi eskaintza online eskaintzeko aukera aztertzea. Horrela, eguneroko ohiturak mantentzen lagunduko genuke … Eta udal gobernuaren hasierako jarrera harkorra izan bazen ere, ondoren, jakin berri dugu kontratu horiek eten dituztela.
3.- Dolumin Barikua bertan behera geratu zen, eta Gardea eta San Prudentzioko jaiak ere bertan behera geratuko direla adierazi du gobernu taldeak. Zer gerta daiteke hurrengoekin?
Bai, eta berriro ere, prentsaren bidez jakin dugu hori. Hurrengo jaiak maiatzaren bukaeran izango lirateke, Santa Luzia. Eta ostean, auzoetako jaien txanda izango litzateke: San Juan, Santa Ana, San Inazio….Ikusiko dugu zein den osasun-krisi honek uzten digun argazkia, baina ikusita ekainaren erdialdean, Amurrion ospatzekoa zen Araba Euskaraz, edo ocho mayo bezalako jende-pilaketa duten jaiak bertan behera geratu direla, ez dugu baztertzen erabaki horrek besteren bati eragitea. … Gasteizen edo Iruñean, adibidez, baloratzen ari dira Andra Maria Zuriaren edo San Fermin jaiak bertan behera uztea.
Ezin jakin zer gertatuko den herriko jaiekin. Ezta udalekuekin, ezta gobernu taldeak, azken plenoan onartutako aldaketa espedientean jasotako auzolandegiak egitasmoarekin ere. Udalbatzan esan genien bezala, proposamenak ez zion egun pairatzen ari garenari erantzuten, are gehiago, osasun krisi honek tarte baterako ireki dezakeen krisi ekonomikoak aurreikusitako hainbat proiektu edo ekimen izoztu ditzakeela ez zuen kontuan hartu.
Egun hauetan, ere jakin dugu ez direla etorriko Oporrak Bakean programarekin Saharako errefuxiatu guneetatik etorritako haurrak. Ez dugu, beraz, izango urtero saharar herriaren errealitatea Laudiora hurbiltzen zigun elkartasun ekimen hau.
Edonola ere, horrelako erabakiak gobernu-taldeak jakinaraztea gustatuko litzaiguke, udaleko Facebooken bidez jakin behar izan gabe.
4.- Lizitazio fasean zegoen Ermualde eta Gardeako Gizarte Etxearen kudeaketa. Nola dago hori?
Gai horiek, hain zuzen ere, pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzordean galdetu genituen, eta bi kasuetan honako erantzun hau jaso genuen: "Beste udal-kontratu batzuetan bezala, ezin da zerbitzua eman martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren ondorioz (alarma-egoera deklaratzen duena), eta, beraz, haren betearazpena eten egin behar dela”.
Horrek esan nahi du, beraz, alarma-egoerak zerbitzu horien esleipen prozedura eten duela; hala ere, eta aurkitzen dugun beste kontraesan bat da beste gai batzuek, ordenantza berri batzuk egitea kasu, aurrera jarraitzen dutela.
5.- Esan duzuenaren arabera, udal-izapide ia guztiak geldiarazi/eten egin dira. Baina, duela egun batzuk materialak lagatzeko ordenantzaren proposamena jaso duzue, baita kirol instalazioak erabiltzeko erreglamendua ere. Zer iritzi duzue?
Epeei dagokienez, dena gelditu da. Baina, duela egun batzuk, jaso genuen gobernu-taldetik, ekitaldi publikoetarako baliabide teknikoak lagatzeko ordenantza, baita kirol-instalazioak erabiltzeko erreglamendua ere. EH Bildu horretan ari da lanean, eta behar diren ekarpenak egingo ditugu elkarte, talde edo kultura-, kirol- edo gizarte-erakundeek sustatzen duten lana errazteko eta ez oztopatzeko, haiek sustatzen baitute Laudioko gizarte-jarduera guztia. Nolanahi ere, adierazi nahi genuke ez garela hainbeste arautzearen aldekoak, eta esan nahi dugu ekarpenak egiteko eskatzen diguten bakoitzean, ez digutela eperik zehazten, eta eskaera hori, batzuetan, datorrela dagokion arloko ohiko batzordeetatik kanpo (batzordeak dira lanerako tresna, ordenantza azaltzeko, ekarpenak egiteko, ebazteko, …). Berriro diogu lan egiteko modua ez dela batere gardena.
6.- Nola ikusten duzue kultura-jarduera osasun-krisi honen ondoren?
Herria berriz ere jardueraz beteta ikusi nahi dugu, eta berriz ere elkarte-mugimenduarekin kontatu, bera baita gure kaleak jendez, musikaz, giroz eta animazioz betetzen dituena. Etorkizun hurbil batean, espero dugu batetik, kaleak berriro jendez beteta ikustea, eta bestetik, auzoetako festaz gozatu ahal izatea.
Laster iritsiko da berriro elkar ikusteko eguna, eta plazetan, kaleetan eta gure auzoetan elkartzeko parada izango dugu.
Orain osasuna eta pertsonak erdigunean jarri behar ditugu, gero denok giroaz gozatu ahal izateko. COVID 19 gure bizitzan agertu denetik, EH Bilduk gauza guztien gainetik herritarren osasuna jarri du.
Herria zaindu dezagun, ondoren kulturaz gozatu ahal izateko.
Laudio bizi, kalea bizi.
EH Bildu Laudio
2020.04.09