Laudio, 2020-04-17. Langileen ongizatearen, osasunaren eta bizitzaren aurretik etekinak jartzen dituen eredu ekonomikoak, berriro ere bizitza bat eraman du. Laudioko bizilagun batek berea galdu zuen atzo lan-istripu batean.
Otsailean izandako lan istripuaren aurrean Laudio Udalak onartutako mozioan, lan istripu larriei erantzuteko protokolo baten beharra zegoela adierazi zuen EH Bildu Laudiok.
Izan ere, azken boladan prekarietatea gogor kolpatzen ari da Laudio. Azken bederatzi hilabetetan 4 laudioar izan dira lan istripuz bizia galdu dutenak. Azkena atzo, 56 urteko herriko bizilagun batek lanean bizitza galduzuen.
“Egoera honi erantzuteko protokoloa lantzen aritu gara eta dagoeneko gainontzeko alderdi politikoei helarazi diegu” aipatu du Jose Mari Gutierrez, EH Bilduko zinegotziak.
EH Bilduk aurkeztu duen protokoloak Laudio Udalak zer egoeretan jardun behar duen, jarduteko printzipioak, eta horiek aplikatzeko prozedura definitzen ditu.
“Denon artean adostu behar dugun behin betiko protokoloan, Udal eskumenaren baitan egin daitekeen guztia txertatu beharko dugu. Guztiok bizitzari kapitalari baino garrantzia gehiago eman behar diogu, bizitza lehenestu behar dugu. Uste dugu Udalbatzak irmo eta aho batez salatu behar duela, laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko betebeharra izanik, emaitza ekonomikoei eta produktibitateari lehentasuna ematen dietenen utzikeria”adierazi du Jose Marik.