Guztiontzat oso gogorra izaten ari den urtea bizi badugu ere, bereziki gogorra izaten ari da prekarietatean eta eskubideen urraketan murgilduta bizi direnentzat. Bizitza prekarizatu eta ahuldu egin da pandemiarekin, eta betiko lez, emakumeak izan dira zantzu guztiak ordaintzen ari dituztenak eta zapalduenak. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, premiazkoak dira arlo publikotik erantzunak ematea, eta larrialdi sozial eta areagotutako genero arrakalei aurre egiteko eredu sozial eta ekonomikorako trantsiziorako oinarriak ezartzea.
Koalizioaren ustez, eraldaketa hori lortzeko beharrezkoa da mugimendu feminista eta emakumeen elkarte zein kolektibo zabalen parte hartzearekin, elkarrizketarako erabakigune bat sortzea, eta zaintzei eta egungo zaintza-ereduari buruzko eztabaida guneak sustatzea. Zentsu horretan, ozen adierazi dio udal gobernuari utz diezaiola kea saltzeari eta kolektibitatearen parte hartzea bultzatzeko eta emakumeek bizi duten krisi multidimentsional honekin amaitzeko benetako konpromisoak har ditzala: “Urtean behin, M8ko programazio barruan, hainbat ekintza egitearekin, udala banderolaz apainduz, eta Berdintasun Planak diseinatuz, soilik, ez da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzen”, adierazi du Gomara zinegotziak.
Bestetik, EH Bilduren ustez, arduragabekeria izan da Berdintasun zinegotziak aurtengo mobilizazioaren harira egin dituen hurrengo adierazpenak: “Emakume eta Berdintasun zinegotzia naizen aldetik, norbanakoaren erantzukizunerako deia egin beharrean aurkitzen naiz, aurten pandemiaren ondorioz ez delako tokatzen”. Hitz hauen harira, EH Bilduk adierazi du ea udalak eskumena duen mobilizazioetako deitzaileen araberako osasun larritasuna sailkatzeko, eta ea haien ekimenetan birusa oporretan dagoen eta aldiz, eragileek antolatutakoetan beti kutsatzeko arriskua dagoen.
Are gehiago, koalizioak galdetu dio zinegotziari ea ere ausardia izango duen aholkatzeko Tubacexeko langileei kaleak har ez ditzaten haien lanpostuak eta eskubideak defendatzeko, eta galdetu dio zer egiten zuen orduan, aurreko eguneko argazki jendetsuan pankartaren atzean. “Harrigarria EAJ-PSEren ausardia: hilabete honetako Osoko Bilkuran, tontoak izango bagina bezala, mozioen inguruko lezioak eman zizkiguten oposizioko kideei, eta bereziki, Omniari, eta oraingoan, gure eskubideak eta aldarriak non defendatu behar ditugun eta zer egin behar dugun esaten digute? Noiz bai eta noiz ez? Adierazpen askatasunarekin ere bukatu nahi al dute, eta esan behar digute nora joan eta nora ez joan?
Bukatzeko, EH Bilduk borroka feministaren alde hartu duen konpromisoa berretsi du, eta Laudioko herritarrei dei egiten die Martxoaren 8an, Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten. Beti ere, eta orain arte egin den bezala, arduraz jokatuz eta segurtasun neurri guztiak mantenduz.
ZAINDU GAITEZEN!
GORA BORROKA FEMINISTA!