Osakidetza, eta, osasungintza oro har, pandemiaz geroztik herritarren kezka nagusien artean kokatu da. Baita laudioarren artean ere. Zehazki, osasun zentro berriaren nondik norakoak izan dira hizpide partaidetzarako foro desberdinetan.
Horren adibide dira auzokideek plazaratutako kezka-sorta: inork ez du kokapenaren inguruan eztabaidatzeko fororik bideratu; inork ez du Latiorroko gune horretan dagoen irisgarritasunaren inguruan irizpiderik zehaztu; inork ez du zehaztu zentro berriak baliabide pertsonal-tekniko gehiago izango dituen. Ez da zerbitzu hobekuntzarik aurreikusten entzun izan da herrian. Argi utzi nahi dugu, anbulatorioa, inposatu egin zaigun zeozer izan dela.
Aurreko legegintzaldira begira jarri beharko genuke egungo egoera ulertu ahal izateko. Garaiko udal-taldeak aldebakarrez hartu zuen osasun zentro berria egitearen erabakia. Herriarentzat estrategikoa den erabaki garrantzitsu hau, bulego itxi batean hartu izanak, ondorio argigarriak mahaigaineratu ditu: herritarrek gai honi buruz hitz egiteko beharra adierazten dute.
Proiektu honen berri izan zuen lehenengo unetik aurrera, EH Bilduk argiki eta aktiboki plazaratu zuen bere jarrera: Osakidetzaren krisiaren oinarria ez da eraikin bat; Osakidetzaren krisia antolakuntza-egituretan ematen ari da, eta, ondorioz, egitura hauek dira konponbidea eskatzen dutenak.
Antolakuntza-egitura hauen kalitatea hobetu beharra dago, horrek ahalbidetuko baitu kalitate asistentzialaren hobekuntza. Nola egin daiteke hori? Inbertsioak baliabide zehatzetara bideratuz.
Zeintzuk dira baliabide horiek? Profesional sanitarioen kopurua handitzea lehena; zerbitzuak handitzea, bigarrena. Besteak beste. Horrela adierazi zaio osasungintzaren arduradun nagusiari, Gotzone Sagarduiri. EAG-a hornitzeko lantalde kualifikatu eta oso bat berma dadin eskatu zaio. Itxura batera, ez du ematen eskatutakoa emango dutenik, eta, horregatik, herritarren eskaerekin bat egin, eta, lanean jarraitzeko motibo nahikoa badagoela uste dugu.
EH Bildu Laudioko mahai politikoa: Ainhize Solaun, Oihana Gomara, Aitor Burgoa, Natxo Urkixo, Santi Hernando eta Carmen Altuna