IRITZIA

Jai parte-hartzaileak ipar, aurrera goaz!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Laudioko Mahai Politikoa 2025eko irailaren 26a

Aurtengo txupinazoko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Gure udalerriko sanrokeak amaitu zirenetik igarotako denborak ematen digun perspektiba baliatuta, baita herriko beste auzoetako jaien zikloa bukatuta ere, Laudioko EH Bildutik jaien antolakuntzan parte hartu duten kultura-, kirol- eta jai-talde guztiek, zein era pertsonalean inplikatu diren pertsonek egindako lana balorean jarri nahi dugu.

Gure ikuspuntutik jai eredu honek, non antolakuntza irekia baita, oso emaitza onak eman ditu; hortaz jai parte-hartzaileak sustatzen jarraitu behar dugu, eta ez bakarrik sanrokeetan baizik eta udalerriko beste herrijaietan ere: Gardea, Ugarte, Areta, Latiorro, San Joan Astobitza, eta abarretan.

Nahiz eta kontziente izan jaietako hainbat alorretan hobetzeko marjina edo tartea badugula, ideia berriekin aurrea goaz. Aurten esaterako, gure jaien euskal izaera berreskuratzeko eta emakumeen presentzia handitzeko erronka jarri dira mahai gainean. Musika, dantza eta ohiturak plazaratu eta lehenesteaz gain, gure hizkuntza eta aniztasuna erdigunean jarri nahi izan dira; kultura eta sentsibilitate ezberdinen ortzadarra zabaldu nahian. Denon artean guztiontzat izango diren jaiak eraikitzen ari gara. EH Bildutik erronka hauek garatzen jarraitzeko hautua egiten dugu, bai udalean gobernu taldeak egin dezakeen lan guztiaz eta noski, udaletik kanpo EH Bilduko mahai politikoko kideok egin dezakegunaz. Era berean, herriko eragileak eta herritarrak gonbidatzen ditugu bide hau batera jorratzera eta horretarako antolatzen diren jai batzordeetako bileretan parte hartzera. 

Euskal Herria Bilduren erronka nagusienetako bat, jaiak ahalik eta parte hartzaileen izatea da, beraz udal taldeak horretarako egiten duen esfortzua aipatu nahi dugu. Aipamen berezia egin nahiko genioke, odoloste eguneko gauean Txosnagunean gertatu zenari. Oso larria iruditzen zaigu eraso sexista baten aurkako aldarrikapen baten aurrean eman zen erantzun bortitza eta erasotzailea. EH Bildutik horrelako jarrerak ez ditugu onartuko.

Bestalde, bestelako zailtasun edo oztopo batzuei aurre egiteko proposamenak mahai gainean jarri beharko genituzke. Diru-laguntzen afera adibidez. Kontziente gara eragileei baliabide honek ematen dizkien erraztasunez, baina baita hauek jasotzeko dauden oztopoez ere. Dirulaguntzak arautzen dituzten legeak, guztion beharrak asetzeko, nola aplikatu ahal ditugun bilatu beharko dugu. Udal prozesuak ezin dira oztopo bat izan, beraz horiek arintzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu; herritarrok ahalik eta laguntza gehien izan dezagun.

Edonola ere, jaiak eta herria bizirik daude eta aurrerantzean honela jarraitzeko animo eta bultzada irmoa luzatu nahi dizuegu guztiei. Guk kaletik zein udaletik jai euskaldun, parekide eta herrikoien alde lanean jarraituko dugu. Euskal jaian ikusiko dugu elkar.

GORA JAI HERRIKOIAK! GORA LAUDIO!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide