Atzo Laudion beste proiektu garrantzitsu bat jarri genuen martxan: adinekoen udal jantokiak ateak ireki zituen. Herrian antzemandako behar bati erantzuteko sortutako zerbitzua da, eta pozgarria da hilabeteetako lanaren ondoren errealitate bihurtu dela ikustea.
Aurten, Azoka eta Parkea Kultura Topagunea ere jarri ditugu martxan. Proiektu ezberdinak dira, baina badute zerbait amankomunean: ideiarekin hasi, landu, herritarren ekarpenekin osatu eta gauzatu egin ditugu. Horixe da gure egiteko modua.
Gobernu talde honek proposamenak hartu, mahai gainean jarri eta horiek garatzeko lana egiten du. Ez gara ideiak proposatzera mugatzen; ideiak landu, beharrezkoak diren urratsak eman, herritarren iritzia jaso eta proiektuak gauzatzeko bideak bilatzen ditugu. Batzuetan bidea erraza da, beste batzuetan ez horrenbeste, baina zailtasunek ez gaituzte geldiarazten.
EH Bilduk gutxiengoan gobernatzen du Laudion, eta horrek udalaren egunerokoa baldintzatu duen arren, proiektu bakoitza aurrera ateratzeko elkarrizketa, negoziazioa eta akordioak landu ditugu. Horrek pazientzia eta lana eskatzen ditu, baina baita malgutasuna eta aukerak bilatzeko gaitasuna ere. Guretzat, gobernatzea hori ere bada: egoerak eskatzen duen moduan moldatzea, akordioak bilatzea eta, azken batean, herriarentzat beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzea.
Bide horretan, herritarren parte-hartzeak berebiziko garrantzia du. Jantokiaz gaur egun gozatzeko, aurretik galdetegi batzuk egon ziren. Orain dugun kultur ekosistema martxan jartzeko, kultur agenteen ekarpenetaz baliatuko da udala eta azokaren inguruan berdeguneek protagonismoa irabaziko dute herritarren iradokizunei esker.
Badakigu oraindik asko dagoela egiteko Laudion. Baina argi dugu gure ardura ekimena izatea dela. Gure ustez, politika publikoek herritarren eguneroko bizitza hobetu behar dute. Horretarako, ezinbestekoa da norabide argia izatea, ekimena hartzea, elkarlana sustatzea eta proposamenak errealitate bihurtzeko gaitasuna izatea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea, alegia.
Atzo adinekoen jantokiak ateak irekiko zituen. Beste urrats bat izango da Laudio zaintzaileago, parte-hartzaileago eta bizigarriago bat eraikitzeko bidean. Eta horixe da gure konpromisoa: herriarekin batera eraikitzea, entzunez, adostuz eta eginez.