IRITZIA

Krisi honen aurrean, instituzioek zer?

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Laudio

Iragan asteko greba orokorreko mobilizazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Greba orokor bat izan berri dugu, kaleak eta plazak aldarri berdin batekin bete dira. Etxebizitza pertsona orok izan beharko lukeen eskubidea da eta ez espekulaziorako tresna bat. Etxebizitzaren krisiak ezin du jarraitu herritarren bizitza-proiektuak baldintzatzen. Gaur egun, gazte askok ezin dute emantzipatu, familia askok ezin dute etxebizitza duin bat eskuratu, eta gero eta pertsona gehiagok zailtasunak dituzte alokairuaren kostuari aurre egiteko.

Ez dago konponbide bakar eta magikorik. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, neurri desberdinak uztartu behar dira, erakundeen arteko lankidetza indartu eta epe luzerako estrategia bat garatu. Azken batean, etxebizitza-politikak pertsonen eta herrien beharrei erantzun behar die, eta ez merkatuaren interesei.

Eta jendartean egoera hau bizi den bitartean, erakunde publikoetatik zer?

Etxebizitzaren krisia gaur egungo erronka sozial handienetako bat da. Gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak, alokairuaren prezioen gorakada eta etxebizitza eskuratzeko gero eta oztopo handiagoak ikusita, ezinbestekoa da erakunde publikoek erantzukizunez jokatzea. Udal gobernuan egonda, alokairuzko etxebizitzaren aldeko apustua egin da lursail publikoa lagatuz Eusko Jaurlaritzari.93 etxebizitza publiko eraikiko dira (64 lehen fasean).

Bestetik, OHZren errekarguak eta bestelako neurri fiskalak ezarri genituen 2025ean, herriko etxe hutsen kopurua altua izanik honek bigarren aukera bat izan zezaketenaren esperoan. Azkenik, herriko behar errealen arabera etxebizitza-politika propioa diseinatze aldera, herriko etorkizuna diseinatuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriarekin aritu gara. 

Gaur egun indarrean dugunak 30 urte baino gehiago ditu, horregatik egungo beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuteko plangintza berria ezinbestekoa da.

Une honetan, HAPO berriaren prozesua bertan bera geratu da, planarekin aurrera jarraitzeko oposizioaren ezezkoak beste zortzi urtez Laudiok behar duen plangintza baldintzatuko du. Herritarrek idatzitako zirriborroa da hau. HAPO eguneraturik ez izateak ez du soilik hirigintza-plangintzan eragiten; herriaren garapen aukerak baldintzatzen ditu. Etxebizitza berriak eta babestuak sustatzeko aukerak, jarduera ekonomikoa garatzeko lurzorua, auzoen berritzea eta espazio publikoen antolaketa, besteak beste, tresna horren bidez planifikatzen dira.

Etxebizitzaren krisiaren aurrean, bereziki garrantzitsua da etorkizuneko beharrak aurreikustea eta horiei erantzuteko baldintzak sortzea. Ezin dugu arazo estruktural bati eguneroko neurri puntualekin soilik aurre egin. Norabidea, plangintza eta konpromisoa behar ditugu.

Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, alderdi-interesak alde batera utzi eta herrian pentsatzeko garaia da. HAPOa ez da EH Bilduren edo beste alderdi baten proiektua: Laudiok datozen hamarkadetan izango duen herri-eredua erabakitzeko tresna da.

Laudiok HAPO berria behar du! Etxebizitza berriak izateko aukera bakarra da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide