Tokiko merkataritza sustatzeko hainbat neurri proposatu ditugu Orozkoko Udalean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Orozko 2020ko ira. 25a, 07:00

Orozkoko EH Bildu./ Eh Bildu

COVID19ak sortutako krisian, lan autonomoaren sektorea izan da gehien kaltetuenetako bat. Langile autonomoek ematen dituzten zerbitzu asko presentzialak direnez, jarduera gehienak etenda edo oso mugatuta geratu dira alarma-aldian.

Martxoan tokiko merkatariei sortutako problematika hau abiapuntu hartuta tokiko kontsumoa sustatzeko bono kanpaina bat martxan jartzearen beharra ikusi genuen. EH Bildu Orozkotik apirilean neurria martxan jartzeko eskatu genion Udal Gobernuari eta maiatzean zirriborro bat jaso genuen. Orain, irailean, lau hilabete beranduago, bono kanpaina martxan jarri gabe eta behin baino gehiagotan neurri honen inguruan galdetu ostean, erabat ezberdina den beste bigarren zirriborro bat jaso dugu Adieren eskutik.

Premiazkoa iruditzen zaigu tokiko merkataritza sustatzeko neurriak martxan jartzea eta Udalak tokiko merkatari eta ekoizleen aldeko apustu irmoa egitea. Bide horretan, EH Bildu Orozkoko Udal Talde Politikotik hainbat neurri martxan jartzeko eskatu eta hainbat ekarpen proposatu dizkiogu Orozkoko Udal Gobernu Taldeari:

1. Jarduera ekonomikoaren alorrean hartuko diren neurriak tokiko merkatari eta ekoizleekin adostea. Merkataritza Mahaia edo bestelako foro bat osatzea proposatzen dugu herriko tokiko merkatari eta ekoizleekin, beraien parte-hartzea erdigunean jarri eta neurriak beraiekin adosteko. Ezinbestekotzat jotzen dugu neurriak adostasunean martxan jartzea eta kaltetutako sektoreen behar, kezka eta arazoak entzutea. Parte-hartzeari dagokionez, oso garrantzitsua da tokiko merkatari eta ekoizleak kontuan hartzea jarduera ekonomikoan eragin nahi duen neurri bat planteatzeko.

2. Egoeraren analisi edo diagnostiko eguneratu eta osoa egitea. Egindako azken diagnostikoak ez zigun errealitatearen argazki oso eta orokorrik eman, eta beraz, egoeraren azterketa oraindik egin gabe dagoen zerbait dela ulertu behar dugu. Tokiko merkatariak, autonomoak, enpresa txikiak eta tokiko ekoizleak zein egoera bizi duten jakiteko egoeraren azterketa egitea eskatzen dugu.

3. Herritarren artean tokiko merkataritzan kontsumitzeko kontzientziazioan sakontzea. Herritarrek tokiko merkataritzan kontsumitzeko garrantziaz jabetzeko kontziantziazio ekimenak martxan jartzea. Kontsumitzeko ohituretan eragiteko kanpaina bat aurrera eramatea proposatzen dugu.

4. Tokiko produktuen azoka bat antolatzea kontsumo-bonuaren aldiaren barruan. Tokiko ekoizleak dira tokiko merkataritzaren bihotza, produkturik gertukoenak eskaini eta lehen sektorea bizirik mantentzen dutenak. Geroz eta kaletatuagoa dagoen lehen sektorea babestea lehentasunezkoa da. Bonu kanpaina indarrean dagoen aldian tokiko ekoizleei bono kanpainan parte hartzeko aukera emateko tokiko produktuen azoka antolatzea eta azoka urtean behin baino gehiagotan egiteko aukerak aztertzea. 

Bestalde, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko bono kanpainari dagokionez, honako ekarpen hauek egin ditugu:

1. Bono aukerak sinplifikatzea. Errealitate eta bizimodu ezberdinetan aurkitzen diren herritar kopuru ahalik eta handienari kanpainak parte-hartzeko aukera emateko eta parte-hartzea oro har errazteko tokiko merkataritzan kontsumitzeko 10 euroko bono bakarra sortzea.

2. Bonoen laguntza kantitatea handitzea. Udalak bonoen %40an laguntza ematea proposatzen dugu, 10 euroko bonoan 4 eurotan lagunduz adibidez.

3. Tokiko ekoizleak ere kanpainan aintzat hartzea. Lehen sektoreko tokiko ekoizleei ere kanpainan parte-hartzeko aukerak emateko, Orozkon establezimendua izatearen beharra ezabatu eta jarduera herrian egiten duten negozioak ere kanpainan gehitzea eskatzen dugu. Kasu honetan, herritarrok hauen parte-hartzea identifikatzeko, izena eman dutenen zerrenda zabalduz.

4. Gehienez herritar bakoitzak lau bono erosteko muga ezartzea. Ahalik eta herritar gehienek kanpainan parte-hartzeko helburuarekin, herritar bakoitzak gehienez lau bono erosteko neurriak ezartzea.

5. Bonoak udaletxean saltzea. Herritarren bonoen erabileraren kontrola gauzatzeko Udala arduratzea salmenta kudeatzeaz.

6. Diru partida handitzea. Tokiko merkatariek pandemiaren eraginez gainean dituzten ondorioetan eragin eta, ahal den neurrian, egoerari aurre egiteko, eraginkorra izango den neurri bat martxan jartzeari begira, proposatutako diru partida eskasa dela deritzogu. Partida bikoiztu eta beste 7.500€ baimentzea eta 15.000€ inbertitzea eskatzen dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide