Legegintzaldia hasi zenetik hirugarren urtez, 2022ko udal-aurrekontuak oposizioaren eta herritarren proposamenik jaso gabe onartu dira. Orozkoarrak entzun gabe eta proposamen beharrezko eta errealistei entzungor eginez, Adiek gobernantza erabat autoritarioa erakusten du. Lehen sektorea eta tokiko merkataritza sustatzeko eta Orozkoko hainbat azpiegitura hobetzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamenetatik bat ere ez da kontuan hartu. Eta herritarren proposamenen inguruan galdetu dugunean, ez dira gai izan zein proiektu gauzatuko diren azaltzeko.
2019az geroztik oraindik egin ez diren hainbat inbertsio daude, hala nola, haur-parkeak eta “kolesterolaren ibilbidea” berritzea, autokarabanentzako aparkalekua, harmailen azpiko espazioa egokitzea edo frontoia estaltzea, besteak beste.
Gainera, aurten, Adieren ekimenez, 546.357€-tan baloratuta, hainbat aldaketa onartu dira 2021eko aurrekontuetan: 468.500€ gerakinetik eta 77.857€ partidaz partida mugituz. Diru hau azpiegiturak eta landa-bideak konpontzeko eta kontserbatzeko, haur-parkeetako obretarako, ibilgailu elektrikoetarako karga-eremurako, larre-planerako, gizarte-etxeko altzarietarako, museoko informatika-aplikazioetarako, ikastetxe publikoko aldageletarako, kirol-instalazioetako makineriarako, iraunkortasun energetikoaren zaharberritze-lanetarako mugitu da.
EH Bilduk, azken osoko bilkuran, inbertsio horiek egin diren galdetu du, eta alkateak uko egin dio erantzuteari. Informazioa ezkutatzea gardentasun falta larria da. Gaur-gaurkoz, ez dago informaziorik gai horri buruz, edo dagoena ez da ezagutarazi nahi. Gure ustez, proiektu horiek ez dira egin. Guretzat oso garrantzitsua da esaten dena egitea eta egiten dena esatea.
Lehen sektoreari dagokionez, ez dago inolako planteamendurik, eta martxotik ez da aurrerapausorik eman larre publikoen ordenantza berritzeko. Tokiko merkataritzari dagokionez, oraindik ez da martxan jarri duela ia bi urte proposatutako bonu kanpaina. Udal Gobernuak uko egiten dio hirigintza arloko proposamenak jasotzeari, eta herritarren eskaera historikoak kontuan hartzeko borondaterik ez duela erakusten du.
Guztiz ulertezina egiten zaigu Adieko Udal Gobernuaren jarrera, proposamenak baztertuz, aipatutako arloetan ezer eskaini gabe. Agerian geratzen dira Adieko gobernuaren paralisia, udal-kudeaketan dauden gabeziak eta orokorrean edozein proposamen aurrera eramateko gaitasun falta.
Adieko udal-gobernuari eskatzen diogu gardentasunez joka dezala, eta azal dezala 2021eko uztailean eta urrian onartutako 546.357€-tan baloratutako aurrekontuen aldaketetatik zer inbertsio egin diren, eta koherentea eta gardena izan dadila 2022rako onartutako aurrekontuekin.
Aurrekontuak ez daude Orozkoko beharretara egokituta, ez dira adostasunez egin eta ez dira jaso 2019az geroztik egiteke dauden hainbat inbertsio. Hala ere, positibotzat jotzen dugu euskararen normalizaziora eta gazteria arlora bideratutako partidak handitu edota Hiltegia Ez Itxi Plataformak eskatu bezala, Laudioko hiltegiaren itxierak sortutako egoerari aurre egiteko partida bat sortu izana.
Azaldutako guztiagatik, EH Bilduko Udal Talde Politikoak ez du babestu 2022rako udal aurrekontuen Adieren proposamenaren onarpena, eta abstenitu egin gara.